Politika

Mikel Zabalzaren sendiak egiaren batzordea sortzeko eskatu dio parlamentuari

29 urte igaro eta gero, Lourdes Zabalza arrebak lehen aldiz hitz egin du Nafarroako Legebiltzarrean kasuari buruz. 1977an Espainiako Poliziak tiroz hildako Jose Luis Canoren kasuari buruz ere mintzatu da Alfredo Garcia lekukoa.

Mikel Zabalzari omenaldia, azaroan. IñIGO URIZ, ARGAZKI PRESS
joxerra senar
2015eko urtarrilaren 14a
13:07
Entzun

Guardia zibilek etxetik kendu ziguten Mikel, eta, hogei egun geroago, hilda itzuli ziguten. Bizitza eta duintasuna lapurtu zioten, eta gezur handi bat eraiki zuten. Duintasuna itzultzen laguntzeko eskatzen dizuegu”. Lourdes Zabalzak, Mikel Zabalzaren arrebak, eskaera hori egin die gaur goizean parlamentuan talde guztiei.

Azaroan, Ezkerraren ekimenez, polizia indarkeriaren eta motibazio politikoko biktimen lege proposamena aurkeztu zuen —edukia laburtua hemen—, eta orain tramitean da.

Gaur goizean, lehen aldiz entzun dira presidentetza batzordean lege horren barruan sartzen diren bi biktimen testigantzak: 1977an Espainiako Poliziak tiroz hildako Jose Luis Canoren kasuaren lekuko bat, Alfredo Garcia, eta Mikel Zabalzaren sendia (Lourdes Zabalza eta Manuel Bizkai). Zabalzaren familiarekin batera, Komando Autonomoek hildako biktima baten semea, Iñaki Garcia Arrizabalaga, mintzatu da, eta azpimarratu biktima orok duela justizia, ordaina eta memoria izateko eskubidea.

Zabalzaren familiaren testigantza

Lourdes Zabalzak gogora ekarri ditu Mikel Zabalzaren atxiloketa eta desagertuta eman zituen hogei egunak. 1985eko azaroaren 26ko goizaldeko 2retan Guardia Zibilak Donostian Mikel Zabalza eta Manolo Bizkai bere lehengusua atxilotu zituen. Bizkaik emandako testigantzaren arabera, ondorengo bost orduetan “etengabeko zarata, eztarriko hotsak eta inor oka egiten ari den soinua” entzun zituen. Goizaldeko 5etan Mikel Zabalzaren orduko neskalaguna eta Jon Arretxe atxilotu zituzten eta eurek gerora egindako lekukotzaren arabera, esku-ohe bat entzun zuten gora eta behera, baita guardia zibil batek esandakoa ere: “Alde egin digu”.

Bizkaik zein gainerako atxilotuek astebete baino gehiago eman zituzten inkomunikatuta, eta ondorioz sendiak ez zekien guzti horren berri une hartan. Azaroaren 27an Intxaurrondora joan zirenean, guardia zibilek esan zieten ez zekitela non zegoen Mikel Zabalza eta batek “galdutako objektuen bulegora joateko” eskatu zien. Beranduago, bertsio ofiziala etorri zen. Endarlatzako zulo baten miaketan, guardia zibilak kolpatu eta Mikel Zabalzak alde egitea lortu zuela.

“Egun horietan nahasmenduak jota egon ginen. Gure nahien eta errealitatearen arteko borrokan", aipatu du Lourdes Zabalzak. Handik gutxira Guardia Zibilaren Sindikatu Klandestinoak azaldu zuen Zabalza ez bilatzeko, Intxaurrondon hil zelako, baina familiari Guardia Zibilak ofizialki esan zien mugaren beste aldean zegoela eta Hendaiako etxe batean ikusi zutela. Ustez, Mikel Zabalza desagertutako Bidasoa ibaiaren bazterrak goitik behera miatu zituzten Gurutze Gorriak eta hainbat herritarrek. Sendiak Hendaiako etxe horretan begiratu zuen ere. “Zorionez, gizarteak ez zuen bertsio ofiziala sinetsi, eta hainbestekoa izan zen presioa Jose Barrionuevo Barne ministroak Kongresuan esan zuela agertuko zela, edo topatua izango zela”.

Azkenean agertu zen gorpua eta Guardia Zibilek ahalegin handiak egin zituzten familiak gorpua ikus ez zezan, egoera txarrean zegoela argudiatuta. “Deigarria izan zen hura ikusten ez uztea. Jantzita zegoen eta ukitu gabe, arrainek jan izanaren zantzurik gabe”, aipatu du Lourdes Zabalzak”. Bere esanetan, auzi judiziala luzea izan da baina ez emankorra izan. “Sumarioak milaka orrialde ditu, eta epaile askoren eskuetatik pasa da”. Zabalzaren esanetan gehiago egin da aurrera kazetarien ikerketaren ondorioz, ikerketa judizialaren ondorioz baino.

Orbaizetako herriak, gizarteak eta komunikabide batzuk emandako babesa eskertu du. “Beste erakundeei dagokionez, erabat gutxietsiak sentitu gara, Eusko Jaurlaritzaren giza eskubideen biktimen zuzendaritza kenduta”. Pozgarritzat jo du Parlamentuak 29 urte eta gero gaiari heltzea eta garrantzia ematea: “29 urteok sufrimenduz beteta egon dira batez ere gure gurasoentzat”, aipatu du eta isilune luze baten ostean gaineratu du: “Semearen izen ona ezin garbiturik joan ziren”. Hala egiaren batzorde bat sortzeko eskatu dio Parlamentuari: “Ofizialki idatzita geratu dadila tortura tua izan zela eta ez zela polizia baten beroaldiaren ondorioz izan, baizik eta estatuaren goialdean diseinatu eta funtzionario publikoek betetako estrategia baten ondorioz izan zela.

Iñaki Garcia: "Bestearen sufrimendua aitortu behar da"

Komando Autonomo Antikapitalistek bahitu eta hildako Juan Manuel Garcia Cordero Telefonicako Gipuzkoako ordezkariaren semea da Iñaki Garcia. Hark eta amak topatu zuten aita Ulian, kate batekin lotua eta tiroa buruan. Iñaki Garciaren arabera, lehen urtetan, gorroto eta suminaz beteta zegoen: "Koordenada horiekin bizi nintzen. Gorrotoak militantzia eskatzen du eta ispilu horren bitartez isurtzen duzu dena, familiaren harremanak, lagunak...". Gorrotoa giza sentimendu naturala dela aipatu arren, gerora jabetu zen bere bizitza ere hondoratzen ari zela.

Garcia Arrizabalagak gogora ekarri du 80ko hamarkadan biktimek jasandako indiferentzia eta bazterketa. Gogoeta egin du jarraian eta aipatu du biktima orok duela egia, ordaina eta memoria izateko eskubidea: "Zer diferentzia dago nire familiaren minaren eta Mikel Zabalzaren sendiaren minaren artean", galdetu du. Eskatu du minarekiko sentsibiltatea ez dela galdu behar eta Zabalzaren familiarekiko zein beste biktimekiko enpatia ariketa ere egin behar dela. "Ez dira bigarren edo hirugarren mailako biktimak izan behar. Nire biktimak ere badira". Bere ustez, minak batzen ditu eta une historiko batena aurrean dago Nafarroako Parlamentua "ulertu ezin diren injustiziei amaiera emateko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.