Mila Ioldi euskal presoa aske, baina zaintzapean

Eskumuturreko bat ezarriko diote egun osoz kontrolpean edukitzeko; euskal preso ataundarrak gaixotasun larria du

Mila Ioldi euskal presoa, atzo, amarekin, nebekin eta lagunekin, Langraizko espetxetik irtetean. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Donostia
2011ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Mila Ioldi euskal presoa zaintzapean aske utziko dute gaur, baina zaintza sistema baten bidez kontrolatuko dute eguneko 24 orduetan, kondena osoa bete arte. Gaixotasun larria du Ataungo (Gipuzkoa) presoak, eta hori dela-eta utziko dute aske. Kartzelako irteera, ordea, egun bat atzerarazi diote. Izan ere, 14:30ean irten zen Ioldi Langraizko espetxetik (Araba). Han, zain zituen familiako kideak, lagunak eta ezker abertzaleko kideak, eta arratsaldeko seiak aldera Martuteneko espetxera (Gipuzkoa) joan ziren, han jarri behar baitzioten 24 orduz kontrolpean edukitzeko eskumuturrekoa. Martutenen, ordea, une hartan eskumuturrekorik ez zutela eta gaur arte ez dutela aske utziko adierazi zioten euskal presoari.

Mila Ioldik hamabost urte eman ditu Ataundik kanpo. Urtarrilean 11 urte beteko dira Ioldi eta bere bikotekide Francisco Jose Ramada Mexikotik estraditatu zituztela. Ioldiri zortzina urteko bi kartzela zigor ezarri zizkioten Cosme Delclaux abokatua eta Jose Maria Aldaia enpresaria bahitzea egotzita. Ataungo ezker abertzaleko kideek salatu dutenez, «zigorraren hiru laurdenak beteta izan arren eta gaixo egon arren, eskumuturreko bat jarriko diote kontrolatuta edukitzeko. Milak aske egon beharko luke».

Mila Ioldiren gaixotasuna dela eta, Jaiki Hadi elkarteak argitara emandako berehala askatu beharreko euskal presoen azken txostenean zegoen. Berekin batera, Jaiki Hadik Ibon Iparragirre, Txus Martin, Gotzone Lopez de Luzuriaga, Inma Berriozabal, Jose Angel Biguri, Iñaki Etxeberria, Jesus Mari Mendinueta eta Josetxo Arizkuren aipatu zituen txosten horretan. BerrikiagoIbon Fernandez Iradi, Mikel Izpura, Unai Parot eta Aitor Fresnedo euskal presoak ere sartu ditu zerrenda horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.