Milaka pertsona bildu dira gaur Donostian 17:30ean deituta zegoen torturaren aurkako manifestazioan. Kontxako Paselekua alderik alde bete dute; 18:15ean manifestazio burua Artzain Onaren katedralean zegoenean, azken manifestariak Kontxako Pasealekuan zeuden, Aietera igotzen den aldaparen parean. Hasieratik bukaerara 45 minutu behar izan ditu manifestazioak Artzain Onaren katedralaren paretik igarotzeko.
Bulebarren egin den ekitaldian azken 50 urteetan torturen ondorioz hil diren hamahiru pertsonak gogoratu dituzte, eta tortura "ezkutuan dagoen errealitatea dela" salatu dute, eta horien testigantzak "sistematikoki" isilarazten dituztela. "Egoi Irisarrik izan behar du torturen eraginez ospitalera eramaten duten azken pertsona, ezin dugu torturatzaileek buruan poltsa bat jartzeko inpunitatea izatea", irakurri dute.
Manifestazio hasieran tortura jasan duten hainbat lagunek hartu dute Torturarik ez leloa duen pankarta eskuetan, tartean Igor Portu eta Mattin Sarasolaren senideek. Torturaren aurkako oihuekin ekin diote manifestariek ibilbideari 17:45ean, eta "Hemen ere torturatzen da" izan da gehien entzun den oihua. Poliziak torturatzen eta hiltzen duela zioten oihuak ere entzun dira.
Pankarta eusten ari direnen artean egoteaz gain, torturaren biktima izan diren lagun asko manifestazio buruan joan dira, eta horien artean zeuden Torturaren Aurkako Taldeko kide ugari, baita gazte asko ere. Unai Romano ere bertan zegoen.
Biktimen ondoren hainbat eragiletako ordezkariak ikusi ahal izan dira: Rufi Etxeberria, Niko Merino, Jone Goirizelaia, Tasio Erkizia eta Joseba Alvarez ezker abertzaleko kideak, Maiorga Ramirez, SantiMerino eta Maider Karrere EAkoak, Oxel Erostarbe eta Rebeka Ubera Aralarrekoak, Ainhoa Etxaide LAB sindikatukoa, Adolfo Muñoz ELAkoa, Jesus Uzkudun CCOOkoa, baita Mattin Troitiño Etxerateko kidea ere.
46 eragilek zuten parte hartzeko deia egina; haien artean dira ezker abertzalea, EA, Aralar, AB, Alternatiba edota LAB. Tortura bukatzeko eskatu dute, baita atxiloaldiko inkomunikazio egoera ere. Erakunde publikoek horretarako konpromisoa agertu beharko luketela uste dute.
Joan den urtean 105 lagunek salatu zituzten polizien torturak Hego Euskal Herrian.
Aste honetan Igor Porturen eta Mattin Sarasolaren tortura salaketei buruzko epaiketa izan da Donostiako Epaitegian. Hamabost guardia zibil daude auzipetuta, eta fiskalak frogatutzat jo du poliziek bi haiek torturatu egin zituztela.
Ostegunean, berriz, Maite Orue torturatu izana egotzita, Espainiako bost polizien aurkako epaiketa hasi zuen Madrilgo Lurralde Auzitegiak.
TORTURAREN AURKAKO MANIFESTAZIOA
Milaka eta milaka lagunek hartu dute parte Donostian torturaren aurkako manifestazioan
Tortura jasan duten hainbat lagunek eraman dute pankarta, eta pankartako leloa ahotan hartu dute manifestariek. Horien artean, Mattin Sarasola eta Igor Porturen senideak eta hainbat eragiletako ordezkariak zeuden, beste batzuen artean, Rufi Etxebarria eta Niko Merino ezker abertzaleko kideak, Maiorga Ramirez EAkoa, Rebeka Ubera Aralarrekoa, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia eta Adolfo Muñoz ELAkoa. 18:15ean manifestazio burua Artzain Onaren katedralean zegoen, eta azkenak Kontxako Pasealekuan zeuden, Aietera igotzen den aldaparen parean. Azken horiek burua baino 45 minutu geroago pasa dira katedralaren paretik. Ibilbidean hainbat tortura mota irudikatu dituzte, besteak beste, bainera, elektrodoak eta poltsa. 18:30ak pasa direnean iritsi da manifestazio burua Bulebarrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu