HEZKUNTZA

Milaka ikasle mobilizatu dira LOMCE legearen aurka

Hainbat lagun identifikatu eta atxilotu dituzte gaurko mobilizazioetan. Bilbon lau lagun atxilotu dituzte; Iruñean hamar inguru izan dira atxilotuak, baina bost askatu dituzte. Arratsaldean mobilizazio gehiago egin dituzte. Bideoa: Espainiako Polizia eta Foruzainak ikasle bat atxilotzeko unean, Iruñean (Edurne Elizondo). [youtube]http://youtu.be/Mk3hymZxhwc[/youtube]

Garikoitz Goikoetxea.
2014ko martxoaren 27a
07:16
Entzun

Milaka ikaslek bat egin dute LOMCEren aurka agertu eta hezkuntza propioaren alde egiteko protestetan. Herrietan ez ezik, Hego Euskal Herriko hiriburu guztietan egin dira protesta jendetsuak. Hainbat lagun identifikatu eta atxilotu dituzte. Bilbon, esaterako, lau lagun atxilotu dituzte. Iruñean hamar izan dira atxilotuak, baina bost askatu dituzte dagoeneko, EFEren arabera, adingabeak direlako. Ikasle Abertzaleek egin dute Hego Euskal Herriko deialdi nagusia. Kontuan hartzekoa da Espainian ere badutela grebarako deia gaur, eta Espainiako ikasle taldeek ere antolatu dituztela mobilizazio batzuk Hegoaldean.

Iruñean istiluak izan dira manifestarien eta Poliziaren artean goizean. Arrautzak botatzen hasi dira, eta oldartu egin zaizkie foruzainak eta Espainiako poliziak. Sarasate pasealekuan eta Navas de Tolosa kalean piztu dira liskarrak. Arratsalderako deituta zuten manifestazioa atzo debekatu zuten, eta gaur bertan behera utzi dutela zabaldu dute. Hala ere, beste manifestazio bat egin dute, Atxilotuak askatu lemapean.

Gasteizen ere izan dira istiluak, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Jesus Obrero Lanbide Heziketako zentroari harriak eta pintura gorria jaurti dizkiote, eta Farmazia fakultatean kalteak izan dira. Horrez gain, edukiontzi ugariri su eman diete 12:15 eta 12:30 artean. Ertzaintza oldartu egin da protestan ari zirenen kontra, eta hainbat lagun identifikatu ditu. Nolanahi ere, ez dute inor atxilotu. 13:30 aldera, berriz, hezkuntza ordezkaritzara sartu dira, baina euren kabuz atera dira gero.

Bilbon, berriz, Ertzaintzak jakinarazi du lau lagun atxilotu dituela, desordena publikoak eragitea egotzita. Hala jakinarazi du EFE berri agentziak Segurtasun Saileko iturriak aipatuz.

Donostian ikasleek Carlos Santamaria zentroa hartu dute. Barrura sartu dira, eta bertan geratzeko asmoa dute. Hango berri beste traola batekin emango dute, #liGUREtegia. Ertzaintza eraikina hustutzera joango balitz zer egin eztabaidatu dute gazteek, eta herri harresi moduko bat egitea proposatu dute, Oihan Vitoria BERRIAko kazetariak bertatik jakinarazi duenez. Hainbat lantaldetan banatzea erabaki dute ikasleek, besteak beste, helburuak eta egitaraua finkatzeko eta kaleratzen dituztenean nola erantzun erabakitzeko. Bertan emango dute gaua, eta 19:00etan elkarretaratzea egin dute eraikinaren atarian. 

Hutsik izan dira ikasgela asko greba egunaren lehen orduetan, eta milaka lagunek parte hartu dute manifestazioetan. Poliziak oso gertutik zaindu ditu protestak. NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan, adibidez, manifestariei ez diete utzi fakultateetara sartzen. Foruzainek itxi diete bidea.

Azken asteetan ari dira protestak egiten hainbat ikasle talde, bereziki Iruñea inguruan. Joan den astean, adibidez, itxita dagoen haur eskola bat okupatu zuten dozenaka estudiantek, eta Poliziak kanporatu egin zituen. Asteburuan kanpaldi bat ere egin zuten. Azken egunetan, berriz, itxialdiak egin dituzte NUPen eta EHU Euskal Herriko Unibertsitatean.

Protestetan bereziki salatu dute LOMCE erreforma, baina “inposizioen” zerrenda luzea osatu dute: murrizketak, unibertsitateko tasak igo izana, ebaluazio gehiago jarri nahi dizkietela, ikasleen hitza ez dutela aintzat hartzen... Horren aldean, “Euskal Herrian, herritik eta herriarentzat eraikiko den hezkuntza sistema propioa” eskatu dute.

Eguerdian egin dituzte manifestazioak hainbat herritan, baina arratsaldean ere izan dira deialdiak.

Eragileen babesarekin

Ikasleen greba da, baina beste eragile batzuek ere babestu dute. EHIGE gurasoen elkarteak, adibidez, mobilizazioetan parte hartzera dei egin du. “Elkarlana ezinbestekoa da momentu honetan”. Dei bera egin dute Euskal Herrian Gure Hezkuntza Eraiki! LOMCEri ez! leloarekin elkar hartuta dauden eragileek ere: ELAk, LABek, EILASek, Sortzen-ek, Ikastolen Elkarteak eta Hik Hasik. “LOMCEren inposizioaren aurrean, langile, ikasle, guraso, hezkuntza eragile eta jendarte osoak gogor erantzun behar du”.

Alderdi politikoei dagokienez, EH Bilduk babestu Ikasle Abertzaleen deialdia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.