Urtarrileko azken ostirala zen atzo. Urteko lehen hileko azken ostirala. Eta, hilero-hilero bezala, milaka pertsona atera ziren iluntzean kalera, euskal presoak Euskal Herrira ekartzearen aldeko ikurrak eskuan hartuta. Urteko azkena izanik, berezia izan zen aurreko protesta herri gehienetan; ohi baino koloretsu eta jendetsuagoa. Urteko lehenengoa ere berezia izan zen hainbat lekutan. Bilbon, esaterako, Arriagan egin ohi den ekimena luzatu egin zen; zabaldu. Han bildutako 485 pertsonak elkarren ondoan jarri, eta Arriaga eta Plaza Biribila lotu zituzten giza katean, ordu erdiz. Euskal presoen eskubideak errespetatzeko isilean eskatzen ari zirenek, ertzainak izan zituzten aurrean, bai Plaza Biribilean, bai Arriaga aurrean. Bideoz grabatu ere egin zituzten ertzainek parte hartzaileak.
DyJ debeku eske
Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz ari ziren ertzainak. Protesta zaintzeko eta zelatatzeko agindu zien Ismael Moreno epaileak, ekimena debekatzeko eskatuz jaso zuen eskaeraren aurrean. Dignidad y Justicia elkarteak galdegin zion Bilboko protesta legez kanpoko izendatzea, mobilizazioa «ETAren estrategiaren zati» zela, eta bertan «terrorismoa goratu» zitekeela argudiatuta. Epaileak ez zuen proposamena onartu, baina txostena egin zezala agindu zion Ertzaintzari, deliturik egongo balitz ekin ahal izateko. Lasai joan zen, hala ere, elkarretaratzea, eta inolako istilurik gabe amaitu zen, ohi bezala.
«Konponbide prozesu demokratiko eta integrala lortzeko urratsak egin behar direla uste duten herritarrak» gero eta gehiago direla ohartarazi zuen Roberto Noval Egin Dezagun Bidea ekimeneko kideak, antolatzaileen izenean. Horretarako, «euskal presoen etxeratze bidean urratsak egitea» ezinbestekoa dela seguru daudela.
Hori dela eta, PP ez beste alderdi guztiak eta euskal gizartearen gehiengo zabala, Espainiako eta Frantziako gobernuak ezartzen ari diren espetxe politika «krudela» aldatzeko eskatzen ari direla ohartarazi zuen. Herritarrek aldaketak «oso norabide jakin batean» eman nahi dutela, gainera; «konponbide klabeetara aldatzea» nahi dutela.
Gaixo daudenen premia
Bide horretan, gaixorik dauden euskal presoak askatzea «urrats garrantzitsua» izango litzatekeela dio Novalek. Eta, beraz, bereziki larri dauden Txus Martin eta Iñaki Erro presoak berehala askatzeko exijitu zuen; gertaera atzeraezinak etorri aurretik kaleratu ditzatela.
Era berean, zigorra betea duten euskal presoak askatzea, zein euskal preso guztiak Euskal Herrira ekartzea dira «egin beharreko urratsak», Egin Dezagun Bidea ekimeneko partaidearen esanetan.
«Aldarrikapen horiek dira gobernuek errealitate egin behar dituztenak», adierazi zuen Bilboko giza katean Novalek. «Ez da lege arazo bat, borondate politikoa eta ausardia eskatzen duten neurriak baizik». Dei zuzena egin zien, beraz, Espainiako eta Frantziako gobernuei: «Euskal Herriak bide berriak zabaldu ditu, konbikzioz eta ilusioz, preso eta iheslarien eskubide guztien alde; orain gobernuei dagokie norabide egokian kokatzea». Bien bitartean, aldaketarik ematen ez den artean, bestelako espetxe politikaren aldarrikapena zabaldu eta «dinamikak areagotzeko gonbita» egin zion euskal gizarteari.
Ehunka herri eta auzotan
Bilbon ez ezik, Euskal Herriko ehunka herri eta auzotan egin ziren mobilizazioak atzo iluntzean, hileroko azken ostiralero bezala.Erandion, esaterako, 70 lagun bildu ziren presoen eskubideen alde,
Aretxabaletan 60 lagun bildu ziren; Arrasaten, berriz, 350. Eskoriatzan 20 eta Azpeitian 130. 72 lagunek egin zuten elkarretaratzea Zumaian, 45ek Lezon eta beste hainbestek Getarian. Hondarribian, 53 pertsona batu ziren, eta 99 Irunen. Donostian, berriz, 225 pertsona batu ziren.
Ondarroan 182 lagunek hartu zuten parte, Arrigorriagan 46k eta Zaratamon hamazazpik. 83 lagun batu ziren Aulestin, eta 30 Munitibarren. 65 izan ziren Otxandion elkartu zirenak, eta 42 Bakion. Zeberion 28 lagun bildu ziren, Durangon 95; 70 Markina-Xemeinen eta 73 Gernikan.
Irurtzunen 22 lagun elkartu ziren, eta Leitzan, berriz, 60. Etxarrin, 93 pertsonek egin zuten bat elkarretaratzean eta Lesakan, 52k.
Gasteizen, ohi bezala, handia izan zen elkarretaratzean: 850 lagun batu ziren. Zuian, berriz,32 lagunek hartu zuten parte, eta Maeztun 25ek.
Milaka lagunek eskatu dute espetxe politika berria, herriz herri bilduta
Egin Dezagun Bideak konponbideari begirako urratsak egiteko eskatu die Espainiako eta Frantziako gobernuei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu