hezkuntza

Milaka lagunek ezezkoa eman diote Bilbon 'Wert legeari'

Hezkuntza erreforma ez ezartzeko eskatu diete Hegoaldeko erakundeei, eta hezkuntza Euskal Herritik eraikitzearen alde egiteko. Babes zabala du deialdiak: sindikatu abertzaleak, CCOO eta UGT, ikastolak... Zuzeneko kontakizuna egin du Garikoitz Goikoetxeak.

Manifestazio Burua, Moyua plazatik gertu. GARIKOITZ GOIKOETXEA
Garikoitz Goikoetxea.
2013ko urriaren 12a
19:03
Entzun

Espainiako Gobernuaren hezkuntza erreforma salatzeko eta hezkuntza Euskal Herritik eraiki behar dela aldarrikatzeko, manifestazioa egin dute Bilbon. 17:30 pasa zirela abiatu da manifestazioaren burua, Jesusen Bihotza plazatik, Euskal Herrian gure hezkuntza eraiki! LOMCEri ez! leloa duen pankarta zabalduta. Ikasleak, irakasleak eta gurasoak dira gaurko protestaren protagonista; haiek hartu dute pankarta. Arriagari iritsi da martxa, eta ikasle batek egin die harrera manifestariei. Bukaerako ekitaldian Porrotx pailazoak hartu du hitza, eta Maite zaitut kantarekin dantzan jarri ditu milaka manifestariak. Zuzeneko kontakizuna:

Deialdi zabala da, azken urteetan hezkuntza alorrean izan den zabalena. Manifestazioa antolatzeko batu ziren sindikatuak, itunpeko sarea, gurasoak eta ikasleak. Honako talde hauek: Ikastolen Elkartea, Sortzen Ikasbatuaz, ELA, LAB, EILAS, UEU Udako Euskal Unibertsitatea, IA Ikasle Abertzaleak, Hik Hasi, NIZE Nafarroako Ikastetxeetako Zuzendarien Elkartea, EHIGE, BIHE, Sarean. 

Kontua da protesta iragarri zutenetik egindako ibilbidean batu zaizkiela beste esparru batzuetako eragileak ere. Honako hauek: Kontseilua, CCOO, UGT, Euskal Herrian Euskaraz, Elkartzen, Ahaztuak, Nafarroa Bizirik, Udalbiltza eta EH Bildu, besteren artean. EAJk eta PSE-EEk ez dute bidaliko ordezkaritza ofizialik, baina ez dute eragozpenik jarri alderdikideek parte har dezaten.

Hezkuntzan egunero ari diren pertsonak izan dira gaurko martxako protagonistak, hala ere: ikasleak, irakasleak eta gurasoak. Herenegun Espainiako Kongresuan onartutako erreformak euskal hezkuntzari kalte egingo diola ohartarazi dute. "Zentralizatzailea, doktrinatzailea, uniformatzailea, atzerakoia, segregatzailea eta elitista da". Horregatik, Wert legea ez ezartzeko eskatu diete Hegoaldeko erakundeei. Horretan jardungo dutela hitzeman dute, gainera: "Eragileok konpromisoa berresten dugu gure herrian aplikatu ez dadin estrategia komunak lantzeko". 

Joseba Egibar EAJko GBBko buruak gaurko egunean jakinarazi du, hain justu, Eusko Jaurlaritzak helegitea aurkeztuko duela hezkuntza erreformaren aurka, Espainiako Auzitegi Konstituzionalean. Erreformak, indarrean sartzen bada, hezkuntza sistema "iraganera" eramango duela ohartarazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.