Gazteen aurkako epaiketak

Milaka pertsonak babesa agertu diete 28 gazte auzipetuei

Epaiketa politiko guztiak bertan behera geratzeko eskatu dute, eta dei egin diete herritarrei «aktibatzera eta antolatzera».

Torturaren aurkako pankartak ere ikusi ahal izan ziren Iruñeko karriketan. IDOIA ZABALETA, ARGAZKI PRESS
joxerra senar
2014ko azaroaren 9a
14:51
Entzun

Ez da ohiko manifestazioa izan. Udazkeneko giro hotz eta tristea zegoen atzo arratsaldean Iruñean, baina 28 gazte auzipetuei babesa adierazteko manifestazioak kolorea eta alaitasuna eman zion Iruñeko erdiguneari. Milaka lagun batu ziren. Haientzat egoera ez da, ordea, erraza. Eneko Villegas auzipetuak berak amaieran aitortu zuen epaiketa «nahiko gogorra» izaten ari dela, baina Espainiako Gobernuaren eta Auzitegi Nazionalaren borondaterik ezaren gainetik forman zein edukian aurrera egiteko nahia azpimarratu zuen. Martxaren amaieran, herri harresi sinboliko bat altxatu zuten. «Prest gaude herri harresi sendo bat eraikitzeko, baina orain aurreko fase batean gaude. Gure erronka da egoera horretara iritsi behar ez izatea, eta epaiketa politikoak eten daitezela», azaldu zuen Maider Caminos Iruñerriko herri harresiko eledunak.

Manifestazioa Antoniutti parketik abiatu zen, 17:30ean. Aurretik laranjaz jantzitako bi giza kate zihoazen. Giza kateok pankarta modura jokatu zuten, eta bertan «28ak libre» eta «STOP epaiketa politikoei» mezuak irakur zitezkeen. Jende andana bildu zen eta, ibilbideak aurrera egin ahala, gero eta jende gehiago elkartu zen martxara.

Manifestazioaren buruan zihoan kamioi batera igota, esatari batek giro berezia eman zion mobilizazioari, hasieratik amaieraraino. Lehen geldialdia Nafarroako Parlamentura iristean egin zuten. Han, Eneko Villegasen ama Isabel Amezketak hartu zuen hitza, eta auzipetuen senideen izenean euren seme-alabak atxilotu zituzten poliziei mintzatu zitzaien: « Zuek akusatzen zaituztegu torturengatik, gure seme-alabei pasarazi dizkiezuen amesgaiztozko egunengatik. Ez dezazuela berriro halakorik egin, utz gaitzazue bakean».

Mezua UPN, PP eta PSNri

Parlamentuan senideek egoeraren berri ematea galarazi zuten PPk, UPNk eta PSNk, eta auzipetu baten aitak atzo haien jarrera salatu zuen, auzi politikoen aurrean «beste aldera begiratzen dutelako». Haren esanetan, ez da delitua independentista izatea, baina salatu zuen horregatik PP, UPN eta PSN eskandalizatu egiten direla: «Orain zuen miseriak ezkutatzen ahalegintzen ari zarete eta, legezkoak direla esan arren, miseria izaten jarraitzen dute. Demokratatzat duzue zuen burua, baina egiazko demokratak hemen gaude, kalean, pentsatze hutsagatik inor espetxera joan behar ez izatea eskatzen».

Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren aurrean amaitu zen Iruñeko manifestazioa, Merindadeen plazan. Parte hartzaileek biribilgunea bete zuten, eta auzipetuei babesa adierazteko herri harresi sinboliko bat osatu zuten. Eneko Villegas gazte auzipetuak nabarmendu zuen epaiketa zirku moduko bat dela, eta gogorra izaten ari dela eurentzat eta senideentzat. «Honek indarra ematen digu aurrera egiteko». Herritarrei ere dei egin zien elkartzera eta antolatzera. «Guztion artean lortuko dugu antzinako historia izatea».

Gazte auzipetuena ez da auzi bakarra. Gogora ekarri dutenez, uneotan Nafarroan bertan 41 herritar daude auzi politiko batean sartuta. Horregatik, Maritxu Bolinaga eta Ainara Bakedano Iruñerriko Herri Harresiko kideek epaiketa horiek guztiak etetea lortu arte antolatzeko dei egin diete herritarrei.

Afaria abenduaren 26an

Epaiketek kostu ekonomiko handia eskatzen dute. 28 gazteen kasuan, familia bakoitzeko lau mila eurokoa du, eta horri aurre egiteko, abenduaren 26an, Atarrabian, mila pertsonarentzako afari bat antolatuko dute, beste jarduera batzuen artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.