Milaka pertsonak esan diete ezetz Iruñean hezkuntza murrizketei

Armada etorbide osoa hartu du martxak, eta dimisioa emateko eskatu diote Iribas Hezkuntza kontseilariari

Jende ilara luzea osatu zuten atzo manifestariek Iruñeko kaleetan. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Iruñea
2012ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Kartel asko eta, haietariko batzuetan, erabiltzearen ondoriozko arrasto agerikoak ikusi ziren atzo Iruñean. Izan ere, Nafarroako Gobernuak ezarri nahi dituen murrizketen aurkako mobilizazio astea izan da haur hezkuntzan. Milaka pertsona bildu ziren Iruñean atzo, berriz, Sortzen-Ikasbatuaz eta Herrikoa elkarteek antolatutako manifestazioan, neurri horiei ezezko bera ematera.

Hezkuntza komunitate osoa ordezkatzen zuten manifestariek, antolatzaileen hitzetan. Manifestazio buruan zihoan kartelean, luzea zen deialdiarekin bat egindakoen zerrenda: hezkuntza sindikatu guztiak, ikasle taldeak, eskoletako sukaldariak eta garbitzaileak... Bakarra zen leloa, ordea: Murrizketarik ez, kalitatezko hezkuntza publiko baten alde. Antoniutti parketik abiatu zen martxa, eta Armada etorbide osoa hartu zuen ilarak. 4.000 pertsonatik ez zebilen urrun jendetza, eta Sarasate pasealekua bete egin zen itxiera ekitaldian.

Argia zen manifestazioarekin hedatu nahi zuten mezua. Nestor Salaberria Sortzen-Ikasbatuaz elkarteko kideak esaldi batean laburbildu zuen: «Entzun egin behar gaituzte, eta murrizketa neurriak bertan behera utzi behar dituzte lehenbailehen». Ibilbidearen amaieran irakurritako testuan, eskaera jakin batzuk ere egin zituen, puntuz puntu: 25 ikasleko ratioak Lehen Hezkuntzan, 30ekoak Bigarrengoan eta 33koak Batxilergoan eta Lanbide Heziketan. Kontratazioei eusteko ere eskatu zuten; Espainiako Gobernuarekin gatazka konpondu bitartean, irakaskuntza zuzeneko ordutegiak gehitzea; eta zaintzak, laguntzak eta bikoizketak bideratzea.

Oraindik ez dela berandu eta murrizketak geldiaraztea posible dela adierazi zuen Santiago Alvarez Herrikoa elkarteko lehendakariak; krisi ekonomikoari aurre egiteko bestelako bideak ere badaudela gogorarazi zuen:. «Krisi ekonomikoa ez dugu hiritar xumeok sortu; beste gune batzuetan sortu dute. Baina, hain zuzen ere, badirudi krisia sortu duten horiek direla kalterik jasaten ez dutenak». Bi eskari jakin egin zituen: «Baztertu dezatela ikasgelako ikasle kopuruaren igoera, eta euts diezaiotela urte hasiera honetako lanpostu kopuruari».

Murrizketarik ez!, Ez da dirurik falta, lapurrak daude soberan! eta Polizia gutxiago, hezkuntza gehiago! izan ziren manifestariek oihukatutako leloetako batzuk. Ikastetxe askok bat egin zutendeialdiarekin, eta manifestari zutabeak izan ziren Txantrea, Arrosadia eta Arrotxapea auzoetatik, eta Barañain, Sarriguren, Mendillorri eta Burlatatik. Lelo bera zuten, baina bere kartela zeraman bakoitzak. Asto belarriekin ageri zen Yolanda Barcina Nafarroako lehendakariaren aurpegia afitxa batzuetan, eta dirua hezkuntzan murriztu beharrean mozketak beste nonbait egiteko gomendioak egiten zituen beste batek: Murrizketak hemen: AHT eta Los Arcos.

Jose Iribas Hezkuntza kontseilariaren dimisioa ere eskatu zuten manifestariek Nafarroako Parlamentu aurrera heldu zirenean: «Iribas, aurkeztu dimisioa, eskolak ez zaitu onartzen!». Leku horretan, martxa gelditu egin zen, eta lurrean eseri zen manifestazioan zen jendea, denbora tarte batez. Jarraitu egin zuten kontseilariari buruzko oihuek: «Okerretan okerrena, Iribas!».

Kontseilariaren «gezurrak»

Erantzukizuna eskatu zioten kontseilariari protestara deitu zutenek ere. Ia osorik hari irakurri zioten testu bat Sarasate pasealekuan. Murrizketek hezkuntzaren kalitatean eraginik izango ez dutela esanda gezurretan ari dela leporatu zioten. Antolatzaileen hitzetan, kalte handia egingo diote murrizketek ikastetxeei. Adibide zerrenda luzea jarri zuten, gainera: irakaskuntza orduen igoera, behar bereziak dituzten ikasleei eskainitako ordutegien murrizketa, testu liburuak ordaindu beharra eta unibertsitateko tasen igoera, garbiketak murriztea... Herrikoa eta Sortzen-Ikasbatuaz elkarteen arabera, guztiek eragiten dute hezkuntzaren kalitatean. Okerrerako, beti re.

Murrizketak egiteko «derrigortasuna» aipatu izan du Iribas kontseilariak murrizketak egiteko arrazoitzat, baina horrekin ere gezurretan aritzea leporatu zioten atzo manifestazioaren antolatzaileek. Diru funtsa murriztu beharra Espainiako Gobernuak hartutako erabaki baten ondorio dela esana du Iribas kontseilariak, baina, manifestazioan zirenen ustez, hori ez da nahikoa argudio murrizketak ezinbestean egin behar izateko. «Neurriak onarkaitzak dira, eta Nafarroak baditu neurri horiek ez aplikatzeko eskumenak».

Murrizketen aurkako sinadura bilketa bat ere hasi dute hezkuntzako langile eta ordezkariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.