Militarrak Elgetan ibili dira, faxistek hartu zuteneko 75. urteurrenean

Elgetako Udalak, Intxorta 1937 taldeak, Gipuzkoako Aldundiak eta Aralarrek salatu egin dute «probokazioa»

Elgetako Udaleko eta Intxorta 1937 kultur taldeko ordezkariak, atzo egindako agerraldian. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
2012ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Tropa frankistak Elgetan eusteko borrokan zazpi hilabetez aritu ondoren, 1937ko apirilaren 24an erori zen gudari errepublikano eta nazionalistek osatutako Intxortako frontea. Atzo 75 urte hartu zuten faxistek Elgeta. Atzo, Espainiako Armadako militarrak ibili ziren Gipuzkoako herrian goizean goizetik, maniobrak egiten. Herritarrek azaldu dutenez, 06:00 aldera armez josita sartu ziren herrian, Elorrio aldetik. Herriko kaleetan ibili ziren gero, eta mendi aldeetan ondoren. Militarren presentzia «probokaziotzat» hartu duteherritarrek, elkarteek eta instituzioek. Probokazio eta iraintzat, Elgeta faxistek hartu zuteneko urteurrena bete den egun berean militarrak herrian agertu izana.

«Udalak jakin nahi du zein den gaurko egunez gure herrira militarrak armekin etortzea agindu duen nostalgikoa», adierazi zuen atzo eguerdian Oxel Erostarbe alkateak. Minduta agertu zen Aralarrekoa, Udalak eta Intxorta 1937 kultur elkarteak militarren maniobrak salatzeko egindako agerraldian. «Militarrek Elgetan eta inguruetan egin beharko luketen gauza bakarra da barkamena eskatu eta alde egitea», esan zuen.

Alkateak jakinarazi duenez, atzo goizean hirutan deitu zuen udalak azalpen eske Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaritzara. Baina ez zuen arduradun batekin hitz egitea lortu. Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuari aritu zaio, beraz, Erostarbe. «Duela 75 urte egindako kalteagatik Elgetako herriari barkamena eskatzeko» exijitu dio. Orain dela 75 urte bonbardatu zituzten Durangaldeko eta Gernikako herriei, berriz, elkartasuna adierazi die.

«Haien ondorengoak»

Minduta azaldu da Intxorta 1937 kultur elkartea ere. Azalpenak eskatu dizkie agintari politiko eta militarrei. «Duela 75 urte Elgeta hartu eta suntsitu zuten, eta oraindik garbitu gabe dagoen armada berberaren ondorengoak, gauaren zigorgabetasunean, Elgetara etorri dira berriro ere», salatu zuen. Igandean herritarrek urteurrena oroitzeko ekitaldia egin zutela gogora ekarri du: «Erasoaldiak behin eta berriz gelditu zituzten miliziano eta gudari adoretsuak omendu genituen, eta preso hartutakoei, populazio zibilari eta emakumeei bereziki egindako zapalketa oroitu genuen. Zer pentsatu behar dugu, heriotza eta bortxaketa haiek eragin zituztenen ondorengoak direla gaurkoak?».

Izan ere, ez zaio ulergarri egiten «bisita mingarria agindu duten agintari militarrek egun seinalatu honekin bat egitea». Duela 75 urte gertatutakoaren egia eskatu du. Justizia, kalte-ordainak, eta ez errepikatzeko bermeak.

Gaur iluntzean, protesta

Bai kultur elkarteak bai udalak atzo gertatutakoa salatzeko deia egin diete herritarrei. Elkarretaratzea antolatu dute gaur iluntzerako Elgetan. Egia, justizia, kalte-ordaina. Zauriak ixteko, askatasunez bizitzeko leloarekin egingo dute protesta 20:00etan, plazan. Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du ordezkaritza bat bidaliko duela elkarretaratzera.

«Oso larria eta onartezina» da gertaera, Gipuzkoako Aldundiaren ustez. Elkartasuna azaldu die Elgetako herritarrei, eta maniobren erantzukizuna argitzeko eskatu du. Aurrera begiratzeko ere eskatu du: «Garai berri hauetan, ezer ahaztu gabe, baina denen artean, Intxortako frontea bakearen, demokraziaren eta askatasunaren fronte bilakatu behar dugu».

«Bakegintza eta normalizaziopolitikorako urratsak egiten ari diren garai honetan, Euskal Herrian Espainiako armadaren presentzia areagotzea onartezina eta justifika ezina» dela adierazi du Aralarrek ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.