Zurrumurru hutsek ere kalte handiak egin ditzakete maiz. Ondotxo dakite hori nekazaritza sektorean.Behi eroen,hegazti gripearen edota A gripearen ondoren, pepinoen krisia iritsi zaie. Alemaniak Espainia hegoaldeko esportazioetan zegoela E.colis birusaren jatorria aipatu zuen. Nahiz eta atzo hipotesi hori baztertu, «mina eginda dagoela» dio Ignacio GilNafarroako EHNEko fruta eta barazkien saileko arduradunak.
Izan ere, Espainia aipatu izanak, Hego Euskal Herriari ere eragin dio. Nafarroan daude sektoreko esportatzaile handienak. Momentuz, eskaerarik ez diete ezeztatu, baina ekoizleak oso kezkatuta daude, epe ertainean jasan ditzaketen ondorioengatik. Atzerriko salmentetatik bizi dira haietako asko. Ribaforada inguruan, esaterako, badaude %90 Erresuma Batuan saltzen duten brokoli ekoizleak. Azalorea eta orburuak dira esportatzen diren beste bi produktu nagusiak —pepinoa ere egiten da, baina batez ere barne merkaturako, eta ez da Espainia hegoaldean landatzen denaren barietate bera—.
Mugak itxita
Era berean, Alemania ez da Nafarroako elikagaien erosle nagusia. Frantziara saltzen dira produktuen %54 , Erresuma Batura %17 eta Portugalera %9. Italia, Belgika eta Alemania elkarrekin ez dira iristen produktuen %7 erostera. Dena den, bakterioaren ondoriozko heriotzak Alemanian gertatu arren nagusiki, hainbat herrialdek erabaki dute Espainiako pepinoen inportazioak debekatzea, Alemaniak, Danimarkak, Austriak, Txekiar Errepublikak, Luxenburgok,Hungariak, Suitzak, Belgikak eta Errusiak tartean. Errusiak pepinoaz gain barazki guztiak debekatu ditu, eta Belgikak eta Txekiar Errepublikak beste produktu batzuei ere jarri dizkiete mugak.
«Esportazioak ixten badira, hau hondoratu egingo da», adierazi du Gilek. Atzerrian saldu ezin badira, Espainiako produktuak Euskal Herriko merkatuan sartuko direla azaldu du. «Horrek saturazioa eragin dezake eta prezioak amiltzea».
Hain zuzen, atzerriko salmentei esker eutsi ahal izan zaiela prezioei nabarmendu du. Azken bost urteak onak izan dira Nafarroan elikagaien esportaziorako, iaz %20 igo ziren salmentak. «Adibidez, Ribaforadan urte asko daramatzate brokolia Erresuma Batura saltzen. Bezeroen konfiantza lortu dute, bai kalitate aldetik eta bai osasunerako eskaintzen dituzten bermeengatik. Orain, egun batetik bestera airean gera daiteke konfiantza hori adierazpen huts batzuengatik».
Frutaren sasoia hastear da, eta Gilen esanetan, hori izan daiteke galerak gehien jasango dituen sektorea.Kontuan hartu behar da barazkien aldean handia dela haien esportazioen tasa, eta Europako Batasuneko herrialde guztietara saltzen direla.
Sindikatuko kideak haserre daude Alemaniak gaiaren inguruan egindako kudeaketarekin. Egoera konpontzeko bide bakarra,«gertatutakoa lehenbailehen argitzea» dela diote. «Ardura norena izan den ikusi behar da, eta hark ordaindu behar du gertatutakoa».
Astean, 200 milioiko galera
Eskaerei eutsita, kalte ekonomikorik ez da nabaritu oraingoz Euskal Herrian. Espainian, ordea, bestelakoa da egoera. Fepex barazki etafruta ekoizleen elkarteak emandako datuen arabera, astean 200 milioi euroko galerak izango ditu sektoreak. Gogor salatu du Alemaniako agintariek froga argirik gabe hitz egin eta «pepinoaren gaineko psikosia» zabaldu izana.Egunez egun eskaerak galduz joan direla diote.«Adierazpen batzuk inoiz ez zuten hainbesteko galerarik sortu, gure merkatuei nahiz irudiari egin diete kalte».
Iaz, 449.352tona pepino esportatu zituen Espainiak, horietatik %81 Andaluziako ekoizleek: 264.000 tona Almeriakoek eta 79.409 tona Granadakoek. Dirutan, barazkien esportazioei esker 3.640 milioi euro lortu zituzten. Egunotako gertakarien ondorioz, hainbatek atera eta bota egin dituzte pepinoak.
Gaixoen lehen kasuak agertu ahala hasi ziren nekazariak Europako Batasunari kalteei aurre egiteko laguntzak eskatzen.Dacian Cielis Europako Nekazaritza komisarioak iragarri du ari direla aztertzen nola lagundu Espainiako ekoizleei. Hainbat mekanismo dituela horretarako adierazi du, besteak beste, ekoizpena merkatutik kentzeko laguntzak ematea, baina ez du zehaztasunik eman.
Kontsumitzaileak babestu ahal izateagatik inork ezin dituela akusatu Alemaniako agintariak azaldu du Cielisek, alabaina, zehaztu du neurriek «proportzionalak» izan behar dutela. Horrez gain, Europako Batasuneko elikagaien osasunerako batzordeko adituak mugen itxiera arrazoituta ote dagoen aztertzen ari dira.
«Mina eginda dago»
Nafarroako ekoizleak oso kezkatuta daude pepino kutsatuen auziak ekar ditzakeen ondorioengatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu