Minbizia engainatzen duten molekulak

Minbiziaren kontrako sendagaiak sortzen lagun dezakeen molekula asmatu dute EHUko Kimika Fakultateko ikerlariek; arratoiekin egin dituzte frogak eta emaitzak onak izan dira.

2007ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Bata zuriak jantzita lanean ari dira buru-belarri; bakoitza berean, isilik. Proba hodiak, matxardak, espatulak, mikroskopioak... daude alderdi batean; bestean, berriz, ordenagailuak. Izan ere, ordenagailuan diseinua egin ondoren, laborategian «sortu» egiten dute. Molekulak diseinatu eta sortzen dituzte. Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Kimika Zientzien Fakultateko ikerlari taldea da.

Laborategiko ikerketak eragiten duen nekearekin aldi batez ahaztu eta pozik antzean ageri dira. Antonio Esteve Fundazioaren X. Ikerketa Saria irabazi berri dute, eta horrek lanean jarraitzeko grina areagotu die. Ikerketa garrantzitsua egin dute: minbiziaren kontrako sendagaiak sortzen lagun dezakeen molekula familia berria aurkitu dute.

Fernando Cossio eta Aizpea Zubia buru dituen ikerlari taldea orain zortzi urte inguru hasi zen ikerketarekin. Euren helburu nagusia minbiziak erabiltzen dituen mekanismoak oztopatzea zen. Hala, molekula artifizialak sortuta minbizi mota ezberdinetan frogak egiten hasi ziren. Ikusi zuten sortutako molekula batek metastasia (minbiziaren hedapena) geratzeko balio zuela gibeleko minbizi mota batean, melanoma B16 izenekoan, hain zuzen ere.

Minbizia duten zelulen lokailuak (integrina VLA-4) zelula osasuntsuen lokailuetara(ligando VCAM-1) itsasten dira. Hau da, minbizia duten zelulek, gainerako zelulak kutsatu eta minbizia duten zelula berriak sortzen dituzte. Horixe da metastasia eta horrelaxe hasten da tumor berria. Cossio eta Zubiaren taldeak sortu duen molekula sintetikoak zelula osasuntsuen lokailuen ezaugarriak imitatzen ditu. Minbizia duten zelulen lokailuak molekula sintetikoetara itsasten dira eta minbizidun zelulak engainatu egiten dituzte. Engainu horrekin minbizia duten zelulei oztopatu egiten diete zelula onetara iristea eta haiek kutsatzea. «Helburua da minbizia duten zelulak gorputzeko beste organoetara zabaltzea oztopatzea», dio Cossiok. Engainua aldi batekoa da, baina atzera bueltarik gabea. Izan ere, minbizia duten zelulek, helburua lortu ezin dutela ikustean, euren buruaz beste egiten dute eta hil egiten dira.

EHUko ikerlari taldeak sortu duen molekulak minbizi mota baterako baino ez du balio. Dena den, uste dute prozedura berbera erabil daitekeela gainerako minbizietan ere. «Guri minbiziaren mekanismo orokorrak interesatzen zaizkigu; mekanismo orokor horiek oztopatzea gustatuko litzaiguke. Mekanismo orokorrak zelulek erabiltzen dituzten mekanismoak dira kontrolik gabe kopiak egiteko. Molekula berri batzuk asmatu nahi genituzke horrelako mekanismoak oztopatzeko, minbizi mota gehientsuenetan balioko luketenak».



FROGAK ARRATOIETAN. Molekulak sortu ondoren, biologo eta mediku talde bati bidaltzen dizkiete esperimentuak egin eta molekulak baliozkoak diren edo ez ikusteko. EHUko Kimika Zientzien Fakultateko ikerlari taldea Dominion Pharmakine enpresarekin dago harremanetan. Enpresa horrek egiten ditu esperimentuak. Orain artean esperimentu horiek in vitro eta in vivo egin dituzte arratoiekin eta emaitzak onak izan dira, baina ez da hain erraza arratoiekin egindako esperimentu bat zuzenean gizakiei aplikatzea: «Esperimentu batean guztia kontrolpean dago, baina bestelako kontua da gaixo bati horrelako molekula bat ematea. Guk sortutako molekula prototipo bat besterik ez da. Oso egokia izan liteke arratoiekin eta inongo baliorik ez izan gizakiekin. Kasu horretan hasieratik hasi beharko litzateke prozesu guztia. Gainera, guk minbizi mota bat oztopa dezaketen zelulak sortu ditugu. Sendagaiak sortzea eta minbizia sendatzea beste kontu bat da; hori, gainera, ez da gure egitekoa, beste batzuek egin beharreko lana, baizik».

Ibaetako (Donostia) Joxe Mari Korta zentroan kimikan aditu diren hiru irakasle eta bost ikasle ari dira lanean. Farmazian, biologian eta medikuntzan adituak direnekin daude harremanetan. «Taldea multidisziplinarioa da». Hasieran, taldeak kimika organikoa eta teorikoa lantzen zuen. Baina, konturatu ziren zenbait molekula egokiak zirela hainbat mekanismo biologiko oztopatzeko. «Beraz, Fernando Vidal Vanaclocha Leioako fakultateko sendagile eta irakaslearekin hasi ginen lanean. Geroago, baita Pharmakinerekin ere».



IKERKETEN ZAILTASUNA. Ikerketak zailak izaten dira gehienean, eta sarritan ikerlariek ez dituzte hasieran espero zituzten emaitzak lortzen. Cossioren esanetan, esperimentuek porrot egiteko arriskua oso altua da: «100 molekula sor ditzakegu, eta baliteke horietatik bat bakarrik izatea baliogarria. Eta kontua da molekula bat sortzea 60.000 euro inguru kostatzen dela». Pharmakinek eta Eusko Jaurlaritzak ematen dizkiote diru laguntzak ikerlari taldeari; laguntzak urtero aurkezten duten proiektuaren araberakoak izaten dira. Dena den, unibertsitate batentzat ia ezinezkoa da horrelako ikerketa lan bat aurrera eramateko adinako aurrekontua lortzea. Cossiok adierazi duenez, administrazio publikoak «lehentasunak eta arriskuak kudeatu behar ditu» diru laguntzak emateko garaian. Dena den, gaineratu du, Europan ikerketetarako ematen den diru laguntzen batez bestekoa handiagoa dela EAEn ematen dena baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.