Mingain urdin gaitzaren lau kasu agertu dira Leitzan eta Goizuetan

Kasuak «normaltasunaren barruan» daudela eta egoera kontrolpean dutela esan du Sanzberrok

joxerra senar
2007ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Mingain urdina Nafarroara hedatu da. Azaroaren hasieran Oiartzun eta Errenteriako (Gipuzkoa) bederatzi etxaldetan ardiei eta behiei eragiten dien gaitz hori hedatu zela jakin zenetik, foru erkidegoaren iparraldean, 1.897 odol lagin atera dizkie Nafarroako Gobernuak inguruko behiei 20 kilometroko eremuan, eta lehen emaitzak agertu dira. Atzo goizean, Madrilgo Algete laborategiek jakitera eman zien Iruñeko agintariei Goizuetako bi baserritan, eta Leitzako beste batean lau behi gaixotuta daudela. Dena den, behin betiko emaitzak hurrengo hiruzpalau egunetan jakingo direla adierazi du Begoña Sanzberro Landa Garapenerako kontseilariak.

Lasaitasun mezua igorri nahi izan dio gizarteari: «Egoera erabateko normaltasunaren barruan sartzen da».Azpimarratu du Gipuzkoan gaitza agertu den etxaldeetatik gertu daudela Leitza eta Goizueta, eta gaineratu du kasu bakanak direla: «Ez da kezkagarria». Sanzberrok onartu du kasurik ez egotea hobea dela, « jakina», baina zentzuzkoa zela gaitza agertzea, eta horregatik, albisteak ez ditu harritu.



GIZAKIEI ERAGINIK EZ. Komunikabideei argi utzi nahi izan die, batetik, gaitz honek ez duela inolako ondoriorik gizakiarengan, eta hortaz lasai asko eros litekeela bai haragia bai esnea. Sanzberrok gogorarazi du sektoreak jada krisi egoera bizi duela egun, eta «gaitzak berak baino» zeharkako kalte handiagoak eragin ditzakeela behikien eta ardikien kontsumoak behera eginez gero. Kontseilariak adierazi du sektoreak ere egoera hori pairatuko duela abereen mugimenduak debekatu egin direlako.

Sanzberrok azpimarratu du lau kasuen agerpenak ez dituela harritu, «Oiartzundik oso gertu» daudelako. Dena den, argitu du lau behiak hurrengo egunetan itzuliko direla bere onera. Izan ere, mingain urdinak batez ere ardiei eragiten die. Hain zuzen ere, odol laginak behiei atera dizkiete, abereoi ez zaielako antzematen gaitzik hartu duten edo ez. Aldiz, ardiei aurpegia urdin jartzen zaie, eta azkar antzematen zaie.

Horrekin batera, Sanzberrok gaineratu du Nafarroako Gobernuak uneotan baliabideak jarri dituela egoera hori kudeatzeko. Hala, urtea amaitu bitartean 50 kilometroko eremuan abereei txerto guztiak jartzeko asmoa agertu du. Martxoaren 31 bitartean, berriz, Nafarroa osoan txertoak jartzea espero dute.



GIPUZKOAN, TXERTOAK AURTEN. Gipuzkoan agertu da gaitza, eta Gipuzkoan urtea amaitu bitartean lurraldeko 165.000 ardiri txertoa jarriko diete. Hala eman die aditzera Rafael Uribarren Gipuzkoako Landa Garapenerako departamendu buruak Batzar Nagusiei. Uribarrenen azalpenen arabera, txerto kanpaina atzo hasi zen, eta asmoa da lau asteren buruan bigarren dosi bat ematea. Aldundiak ziurtatu du urtero jarriko dituztela txertoak harik eta bi urteren buruan gaitzik agertzen ez dela ikusi eta gaixotasuna errotik kendu dutela ziurtatu arte.

Mingain urdinak bereziki ardiei eragiten die, baina behiei ere txertoak jarriko dizkiete. Horiei dagokienez, kanpaina 20 egun barru hasiko da. Txertoaren kostuak Aldundiak hartuko ditu bere gain, baina oraindik ez dute zehaztu aurrekontuetatik zenbat diru bideratuko duten inbertsio horretara.

Uribarrenek azaldutakoaren arabera, orain arte 86 abere gaixotu dira Gipuzkoan, eta horietatik 40 hil egin dira -guztiak ardiak-. Kasuok guztiok Donostialdean eta Bidasoan agertu dira, eta duten birus mota Espainia hegoaldean agertu denaren parekoa da. Oraindik ez dakite nola iritsi den gaitza hona, baina hipotesietako bat da Espainia hegoaldetik Europara abereak garraiatzen dituen kamioi batean joan zitezkeela gaitza hedatzen duten kulikoide familiako eltxoak.



zenBaKIa

33.181

Europa. Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, Europan ohiko gaitza da mingain urdina. 33.181 kasu atzeman dira denera, gehienak Alemanian (15.864), Frantzian (6.632), Herbehereetan (5.051) eta Belgikan (4.571).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.