Ezker abertzaleak —oraingoan EH Bilduren bitartez— bigarrengoz aurkeztu du Eusko Jaurlaritzarako lehendakarigaia: Laura Mintegi (Lizarra, 1955). 1987an aurkeztu zuen aurreneko aldiz, HBtik: Juan Karlos Ioldi (Ataun, 1963). Inbestidura saio polemikoa izan zen hura, euskal presoa baitzen Ioldi.
HBren lehendakarigaia kartzelatik atera zezaketen edo ez erabakitzeko auzi juridikoa izan zen. Inbestidura atzeratu egin zen horregatik, eta azkenean Ioldik jaso zuen legebiltzarreko saiorako espetxetik irteteko baimena. Hitzaldia egin zuen, ez zuten hautatu lehendakaritzraako, eta kartzelan sartu zuten berriro. Ez zen gehiago Eusko Legebiltzarrera itzuli.
1987ko ekainean 25 urteko kartzela zigorra jaso zuen, ETAko kidetzat jota, eta 1988an Jose Luis Elkorok hartu zuen haren lekua legebiltzarrean, zigorra irmo bihurtutakoan. Hamasei urtean eduki zuten preso Ioldi.
Jose Antonio Ardanza (EAJ) izan zen beste lehendakarigaia 1987ko otsailaren 27ko inbestidura saioan. Gehiengo osoz izendatu zuten Jaurlaritzako buru, EAJren 17 botoekin, PSEren 19rekin eta CDSren birekin. HB, EA, EE eta APko legebiltzarkideek zuri bozkatu zuten.
1986ko hauteskundeetako emaitzak
PSE: 19 legebiltzarkide (botoen %22,05).
EAJ: 17 (%23,71).
HB: 13 (%17,47).
EA: 13 (%15,84).
EE: 9 (%10,88).
AP-PL: 2 (%4,86).
CDS: 2 (%3,54).
Parte hartzea: %69,62.