Eusko Jaurlaritzaren enkarguz, Aztiker soziolinguistika klusterrak mintzapraktika egitasmoaren eraginkortasuna neurtzeko ikerketa egin du, Topagunearekin eta AEKrekin. Horretarako, 2004-05eko eta 2008-09ko ikasturteen arteko bilakaera datuak aztertu dituzte Iñaki Iurrebaso eta Urko Ikardo soziologoek. Emaitzak aztertuta, mintzapraktika «eraginkorra» dela ondorioztatu dute, zalantzarik gabe. «Ideia nagusi bat esateko: formulak ondo funtzionatzen du», laburbildu du Iurrebasok.
Azken datuen arabera, gaur egun 3.700 lagunek parte hartzen dute ekimenean. 2004-05eko ikasturtean 1.041 ziren, eta 2008-2009ko ikasturtean, 2.840. «Bost urtetan, hirukoiztu egin ditu parte-hartzaileak, eta zazpi urtetan, laukoiztu. Mintzapraktika masa fenomeno bat dela esan daiteke», dio Iurrebasok. Gainera, hedapen zabala izan duela ere ohartarazi du, bai lurraldeari dagokionez baigizarteko arlo guztietara. Izan ere, parte-hartzaileen soslaia askotarikoa da, eta Euskal Herriko herrialde guztietan daude taldeak.
Bidelagun eta bidelarien artean egindako inkestei eta eztabaida taldeetan jasotako emaitzei esker ebaluatu dute ekimenaren arrakasta. Bidelarien %95ek, adibidez, euren euskara maila hobetu dutela uste dute, eta horietatik gehienek uste dute mintzapraktiri esker izan dela. Euskaldunez osatutako harreman sarea zabaltzeko baliagarri izan zaiela ere badiote. Halaber, mintzapraktika saioetatik kanpo hizkuntzaren erabilera handitu du gehiengo handi batek (%90). Bidelarien %52k lehen baino gehiago egiten dute euskaraz familian, kasurako; %76,6k lagun euskaldunekin ere ugaritu egin dute erabilera, eta %63,5ek lanean ere nabaritu dute igoera hori. Gainera, euskararekiko atxikimendua handitzeko parte-hartzea akuilu izan dutela irizten diote.
Euskararen alde egiteko gogoa edukitzeak eta euskara ikasten ari direnei laguntzeak bultzatu ditu bidelagun direnak horretan hastera. Bidelarien artean, berriz, euskaraz gehiago egitea, jakite maila hobetzea eta dakitena ez ahaztea dira izena emateko arrazoi nagusiak. Denek euren helburuak betetzen direla uste dute. «Nahiz eta gutxi diren EGA eskuratzeko edo lanerako behar dutelako izena eman dutenak, hasiberritan pisu gehiago dute halakoek. Gerora, beteranoen artean, euskaraz bizi nahi izateak bultzatzen ditu jarraitzera», dio Iurrebasok.
Atzo aurkeztu zituzten emaitzak Euskaltzaindiaren egoitzan egindako agerraldian. Bertan izan ziren HABEko zuzendari nagusi Iñaki Uribe, Topaguneko zuzendari Jasone Mendizabal eta AEK-ko koordinatzaile nagusi Mertxe Mujika. Hirurak ere pozik agertu dira.
Ikastetxeetan eta helduen alfabetatzean lan handia egin dela azpimarratu du Topaguneko Jasone Mendizabalek. «Baina nik bigarren zutabe batean ere jarriko nuke begirada. Euskalduntzea ez da nahikoa. Kalera atera behar da. Erabilerarako guneak behar dira». Ildo horretan, «bihozkada bikaina» iruditzen zaio Donostiako Bagera elkarteak 1993an martxan jarritako egitasmoa. «Ordutik lortutakoa itzela da».
Erakundeen babesa
Ildo beretik esandako hitzekin babestu du AEK-ko Mertxe Mujikak Mendizabalen balorazioa: «Gure esparru nagusia ezagutza bada ere, hori praktikan jartzen ez badugu, alferrik ibiliko gara». Mujikaren ustetan, horrelako programek inguru hurbilean dute garrantzia, batez ere inguru hori erdalduna denean. «Ez dugu nahi inor euskaltegira itzultzea ikasitakoa galdu duelako».
Mendizabalek eta Mujikak boluntarioen lana azpimarratu dute. «Baina nolabaiteko profesionalizazio bat egin behar da», aldarrikatu du Mujikak. Horregatik, elkarlanaren garrantzia azpimarratu du, batez ere erakundeekin egindakoa.
«HABE buru-belarri sartuko da, eta goragoko erakundeari laguntza eskatuko dio», iragarri du Uribek. Aurten dirua gutxitu dela onartu arren, elkarlanerako konpromisoa berretsi du HABEko zuzendariak.
Mintzapraktika, formula eraginkorra
Euskaraz gehiago egiten dutela aitortu dute mintzapraktika egitasmoan dihardutenen %90ek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu