M8: Greba Feminista

Mobilizazio feministak "irakaspen handi bat" eskaini duela adierazi du Emakundek

ELA sindikatuak Emakunderen eta euskal erakundeen jarrera "hipokrita" salatu du, greba feministaren aldarriekin bat egin arren ez dutelako hura babestu. Nafarroako Gobernuaren esanetan, mobilizazio "historikoa" izan da, eta protesta egin zuten emakumeak zoriondu ditu.

jarraia149496.jpg
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko martxoaren 9a
12:40
Entzun

Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidaren esanetan, atzoko mobilizazio feminista "historikoa eta hunkigarria" izan da, eta "irakaspen handi bat" eskaini dio gizarteari.

"Emakume guztiek, haien lan egoera edo egora pertsonala edozein izanik ere, tokia izan zuten" atzoko protestaldian, Emakundeko arduradunaren iritziz. "Proposamen bateratzailea" egin izanari garrantzia aitortu dio.

Mobilizatu diren emakumeak zoriondu ditu Lanadaidak, emakumeek pairatzen duten "desberdintasun estrukturala ikusarazi"  zutelako. Horrez gain, parekidetasunari lotutako "kontzientziazio eta sentsibilizazio indartsua" dagoela frogatzeko balio izan dute atzoko mobilizioek, Landaidaren iritziz. "Emakumeen eta gizartearen egiazko konpromisoa ageriko egiteko inflexio puntua izan da".

Emakumeenganako bazterkeria gainditzeko, ezinbesteko jo du hezkuntzan eragitea. "Belaunaldi gazteenekin landu behar dugu [berdintasuna], eta pertsona helduok ardura garrantzitsua dugu".

ELA sindikatua, berriz, kritiko agertu da Emakundek eta euskal erakundeek mobilizazio feministekiko izan duten jarrerarekin. Era "hipokritan" jokatzea leporatu die sindikatuak, greba feministaren aldarriekin bat agertu arren hura ez babesteagatik.

Grebari "balio politikoa" kendu nahi izan zaiola salatu du ELAk, "politikoki zuzenak" diren baina "ezer ez aldatzea" bilatzen duten adierazpenen bitartez. Salatu duenez, euskal erakundeek berdintasuna aldarrikatzen dute, baina "kontrako norabidean" doazen politikak sustatzen dituzte.

Gaineratu duenez, Eusko Jaurlaritzak aukera "ezin hobea" du martxoaren 8ko aldarriekin bat egiten duela adierazteko, emakumezko langileen bazterkeriarekin amaitzeko neurriak hartuz. Ildo horretan, "azpikontratatutako zerbitzuetan [emakumezkoentzako] soldata baxuagoak ordaintzea ez onartzea" esakatu dio Jaurlaritzari.

ELAk aurreratu du ez dela joango emakume eta gizonen arteko soldata desberdintasuna aztertzeko Jaurlaritzak eta hainbat gizarte eragilek martxoaren 12an egingo duten bilerara. Ohartarazi duenez, auzia ez da gizarte elkarrizketaren bidez konponduko. Sindikatuaren esanean, gobernuak ez du horretarako borondate politikorik, eta patronalari "beto eskubidea" onartzen dio.

Atzo mobilizatu ziren emakume guztiak zoriondu ditu ELAk. Mobilizazio "historikoa" eta "berritzailea" izan dela nabarmendu du, fokua jarri duelako "lan guztiak" aitortzeko beharrean, "soldatapeko enplegutik harago". Protestaldia mugarria izango da feminismoaren eta sindikalgintzaren arteko elkarlanean, ELAren esanetan.

"Historikoa", Nafarroako Gobernuaren esanetan ere

Nafarroako Gobernuak atzoko mobilizazoi feministetan parte hartu zuten emakumeak zoriondu nahi ditu, gobernuko Giza Eskubideen presidenteorde Miguel Laparrak jakinarazi duenez. Haren esanetan, atzoko eguna "historikoa" izan zen. "Emakumeen nazioarteko mugimendu baten adierazpena izan da, Nafarroan bereziki indartsua dena".

Ana Ollo Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak ere zoriondu ditu mobilizatu ziren emakumeak, baita haiei "egun historiko horretan lagundu" zieten gizonei ere. Nafarroa osoan emakumean ahaldundu zituen ekintza izan zen atzokoa, Olloren esanetan.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.