Mobilizazioetara deitu dute ELA, LAB eta ESK sindikatuek hil honetarako Osakidetzan

Hilaren 22, 23 eta 24an egingo dituzte protestak, Osakidetza «kolapsoaren» atarian dagoela salatzeko

Osakidetzako langileak protesta batean, Gasteizko Santiago erietxe parean. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
2011ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Osasun publikoa «kolapsoaren» atarian dagoela salatu dute ELA, LAB eta ESK sindikatuek. Osakidetzan, «antolaketa faltaren ondorioz», eta egin dituzten murrizketen harira, egoera aski larria dela ohartarazi dute sindikatuetako ordezkariek. Hortaz, hilaren 22, 23 eta 24rako mobilizazioak antolatu dituzte.

Osakidetzaren «egoera larria»egungo kudeatzaileek eragin dutela diote osasun zerbitzu publikoko ELA, LAB eta ESK sindikatuetako ordezkariek. Egoera oso traketsa deskribatu dute, bete beharreko eginkizunak bete ezinik dabilen zerbitzu bat dela: «Ospitaletako itxarote listak gainezka daude; lehen mailako arreta zerbitzuak ere atzerapenak ditu».

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren etorkizuneko planek «ameskerian oinarritutako» telemedikuntza proiektuak ardatz dituztela salatu dute sindikatuek.Errealitatean premiak zein diren aintzakotzat hartu gabe jardutea leporatzen diote.

Osasun arloko lan hitzarmenaren epea 2009ko abenduan bukatu zela eta Osakidetzak hala ere ez duela beste bat egin salatu dute sindikatuek. «Gure lana bermatzen duen eta zerbitzuaren kalitatea ziurtatzen duen plataformarik ez du sortu». 2011n, gainera, osasun zerbitzuko aurrekontuak iazkoak baino murritzagoak direla gogorarazi dute; Europako batez bestekoa baino txikiagoak direla ohartarazi dute, hain justu. Horiek horrela, geroa oso ilun datorrela diote: «Horrek soldata murrizketak dakartza, kontratazioetan murrizketak...».

Osakidetzako antolakuntza «kaos» bat dela salatu dute ELA, LAB eta ESK sindikatuek. Hainbat zerbitzu «ezinezkoa» lortzera bultzatzen dituztela salatu dute. «Eskaria gora doa, eta baliabideak, berriz, murriztu egiten dituzte. Eta baliabide gutxi horiekin eskari guztia ase nahi dute».

Osasun zerbitzuaren egoera traketsak langileei eragiten diela azaldu dute sindikatuetako ordezkariek. «Konturatu gara gure lana ezin dugula bete gutxieneko berme batzuekin». Gaixoek jasotzen duten artan ere horrek eragina duela nabarmendu dute.

Egoera hau guztia salatzeko, mobilizazioak egingo dituzte hilaren 22, 23 eta 24an. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak «jaramonik» ez diela egiten salatuko dute. Murrizketak salatzea da helburua, baina Rafael Bengoak zuzentzen duen sailak beren arazoen aurrean entzungor jokatzea ere irmo salatu nahi dute. Ez dute zehaztu oraindik zer protesta klase egingo dituzten.

Kontratazioak

Nafarroako LAB sindikatuak, berriz, Osasunbidean kontratazioak egiteko garaian «irregulartasunak» izan direla salatu du Nafarroako Osasun Ikuskaritzan. David Mendaza LAB Osasunbideko ordezkariak azaldu duenez, iaz 40.000 behin-behineko kontratu sinatu ziren. «Gure langileen zerrenda 200.000 pertsonakoa dela kontuan hartzen badugu, langile bakoitzari kontratu asko egiten zaizkiola pentsa dezakegu». Horren ondorioz, behargin askok, urteko osoko lana izan arren, urtebeteko kotizazioa ez dutela lortzen azaldu du Medazak.

Nafarroako Osasun Ikuskaritzan salatutako «zenbait praktika» delitu direla diote. «Comptos Ganberak egindako txosten batean ikusi dugu behin-behineko langileak kontratatzeko frogarik egin gabe jendeak lan egiten duela». Lizarrako erietxean hamabi orduko lanaldiak egin direla ere gogor salatu du Mendazak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.