Ezkio-Itsaso eta Deikaztelu lotuko dituen goi tentsioko linea aurkeztu eta hiru urteren buruan, proiektuak aurrera jarraitzen du: Espainiako administrazioak ez du eten gaiaren tramitazioa. Proiektuaren aurkako taldeak salatu du gobernuak "muzin" egin diola "herritarren borondateari", eta prest duela zirriborroa, publiko egin ez arren. Proiektua bertan behera utz dezaten galdegiteko, marea gorria osatzera deitu du larunbaterako, hilak 25, Donostiako Bulebarrean, 12:00etan.
Azken urteotan gero eta biziagoa izan da proiektuaren aurkako aldarrikapena. Hamabost hilabete dira 14.000 helegite aurkeztu zituela plataformak, baina oraindik ez du erantzunik jaso. Helegite horiei jaramon egiteko eskatu dio Espainiako Gobernuari. Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari, berriz, herritarren aldarrikapenak aintzat hartzeko; 200 hautetsitik gora proiektuaren aurka agertu dira dagoeneko. Berrogei herritan eginiko galdeketetan, halaber, erroldatuen %63k bozkatu zuten goi tentsioko linearen kontra.
Erakundeen "isiltasuna" onartezina dela uste du Iñaki Ugalde Mutiloako alkateak: "Bada garaia da gure eskaerei erantzun bat emateko, bizkarra ematen ez segitzeko, enpresa elektrikoen hatzaparretan ez erortzeko". Proiektua gelditzeko eskumenik ez badute ere, plan elektriko berrian proiektua ez sartzeko exijitu die Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari.
127 kilometro eta 85 dorre
REE Red Electrica de España enpresak Gipuzkoa eta Nafarroa artean egin asmo duen goi tentsioko linearen proiektuak 127 kilometroko autopista elektrikoa eta 85 dorre ditu. Espezie babestuei eragingo liekeela eta milaka zuhaitz moztu beharko liratekeela ohartarazi du plataformak. Gurutzatuko lituzkeen eskualdeen etorkizuna ere "kolokan" jarriko lukeela gaitzetsi du: "Lehen sektorea eta turismoa hondatuko lituzke".