Eusko Jaurlaritzak «bidegabe» jokatu zuen Hondarribian (Gipuzkoa) alardearen egunean Jaizkibel konpainiari ibilbidea aldarazita. Hori ebatzi du Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak, eta baliorik gabe utzi du Herrizaingo Sailak iazko abuztuaren 25ean emandako agindua; alegia, alarde parekidearen bidea aldarazi zuena. Agindu horrekin biltzeko askatasuna urratu izana egotzi dio auzitegiak Jaurlaritzari. Jaizkibelek jarri zuen helegitea, eta arrazoia eman dio auzitegiak.
Hondarribiko alardean «segurtasun arazo handiak» daudela esanez zuritu zuen ibilbidea eta ordutegia aldatzeko agindua Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu Rodolfo Aresek, iazko urriaren 4an. Adierazi zuen hamabost urtean gatazkak «etengabeak» izan direla. Hondarribiko Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren txosten banatan oinarritu zuen erabaki hori Jaurlaritzak: Udaltzaingoak azaldu zuen alarde mistoa eta tradizionala leku beretik igaroko zirela une berean; Ertzaintzak, berriz, argudiatu zuen Jaizkibelen ibilbidea aldatzea komeni zela «segurtasun publikoa bermatzeko».
Txosten horiek ez daude behar bezala argudiatuta, auzitegiaren arabera. Epaian ageri denez, Ertzaintzak ez zuen azaldu zergatik aldatu behar zen ibilbidea Gernikako Arbola lorategietan, «aurreko urteetan hortik igarotzea baimendu badu». Erabaki hori hartzeko, behar bezala justifikatuta egon behar du istiluak gerta daitezkeela eta pertsonak eta ondasunak arriskuan egongo direla. Epaileak argitu duenez, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren txostenetan ez da egiten zehaztapen hori; ez du arrazoirik ematen aurreko urteetako irizpideak aldatzeko. Areago: «Ibilbide aldaketa justifikatzeko gertaerarik izan ez bada aurreko urteetan, aurreko urteetako bera izan behar zukeen bideak». Epaileak uste du argudiorik ezean «modu arbitrarioan» hartutako erabakia dela.
Poliziek bidea itxi zieten alarde parekidekoei, Herrizaingo Sailaren agindua betearazteko. Jaizkibelekoek eserialdia egin zuten protesta modura. Eta elkartasuna adierazi zieten hainbat erakundek; besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta EAEko Arartekoak.
Festa edo manifestazioa
Alardearen izaera erabakigarria izan da epailearen ebazpenean, alarde parekidea manifestazio bat edo festa bat den argitu behar izan duelako aurrena. Epailearen arabera, emakumeen parte hartzearen aldeko aldarrikapen gisara hasi zen alarde mistoa, eta, hortaz, biltzeko askatasunari eragiten dio Eusko Jaurlaritzaren erabakiak; oinarrizko askatasun bati, alegia. Horrela izanik, epaileak ohartarazi du martxaren ibilbidean eta ordutegian esku hartzeko erabakiak arrazoi sendoak behar dituela.
Gainera, Auzitegi Nagusiak onartu du ibilbidearen zati hori «sinbolikoa» dela, eta gaineratu du istiluak izateko arriskua ez dela erabaki bat hartzeko motibo; beste zerbaiten ondorio izan behar duela. EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpenari helegitea jar diezaioke Eusko Jaurlaritzak. Hamar eguneko epea du horretarako. Jaurlaritzako iturriek BERRIAri adierazi diotenez, epaia aztertzen ari da gobernua, baina oraindik ez du erabaki helegitea jarriko duen.
Aldeko epaia dela eta, Jaizkibel zoriondu du Alternatibako eledun Ana Etxartek, eta Aresen jokabidearen aurka egin du. Etxarteren ustez, epaiak «agerian» utzi du Herrizaingo Saila. «Ironia eta kointzidentzia» iruditu zaio epaia atzo jakinarazi izana; hain zuzen ere, Emakundek Irungo eta Hondarribiko alarde parekideak saritu zituen egunean. Etxarte: «Deitoragarria da ikustea Emakundek saritzen duen alarde publikoak nola pairatzen duen Aresen zigorra».
Emakundek bi alardeak saritzeagatik ere zorionak eman dizkie Alternatibako bozeramaileak, uste baitu saria «ondo merezitakoa» dela. Halere, nabarmendu du bi alarde parekideek aitortza «zabalagoa» merezi dutela erakunde publikoen aldetik, «hamabost urtean bazterketarik gabeko jaietan parte hartzeko eskubidearen alde» egin dutelako.
Berdintasuna. Alardeak
«Modu arbitrarioan» aldatu zuten alarde mistoaren ibilbidea
Jaurlaritzak bidea aldarazi zion iaz Jaizkibeli; EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi du arrazoi nahikorik ez zegoela neurri hori ezartzekoHondarribiko konpainiako kideei biltzeko askatasuna urratu diete, epailearen ustez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu