Glifosatoa

Monsantok 253 milioi euro ordaindu beharko dizkio gizon bati, minbizia eragiteagatik

Kaliforniako auzitegi batek (AEB) zigortu du konpainia, gizon baten minbizi terminalean ardura zuzena duela ebatzita.

Glifosatoan oinarritutako Monsanto konpainiaren Round Up herbizida. STEFFEN SCHMIDT, EFE
2018ko abuztuaren 11
19:11
Entzun

San Frantziskoko Auzitegi Gorenak Monsantoren enpresa zigortu du gizon bati 289 milioi dolar —253 milioi euro— ordaintzera. Auzitegiak frogatzutat jo du Monsantoren Round Up herbizidak eragin zuzena izan duela gizonak duen minbizi terminalean. Herbizida horrek glifosatoa du, eta auzitegiak enpresari leporatu dio gai horren ondorio kaltegarriei buruz behar bezala ez ohartaraztea.

Kaltetua Dewayne Johnson 46 urteko estatubatuarra da. Haren esanetan, glifosatoak eragin dio minbizia, hura sarri erabiltzeagatik, San Frantzisko eskola barrutian lorezain gisa jardun duenean.

Epaitegiaren iritziz, Monsantok glifosatoak osasunari dakarzkion kalteez behar bezala ez ohartarazi izanak eragin zuzena izan du Johnsonen osasun egoeran.

Glifosatoaren erabilerak eztabaida ugari sortu du mundu osoan, pertsonen eta lurraren osasunean eragiten duen kaltearengatik.

Ikerketa asko egin dira mundu zabalean glifosatoaren eraginari buruz. Euskal Herrian, Aranzadi zientzia elkarteak frogatu zuen gomendatutakoa baino dosi txikiagoetan ere anfibioak hil ditzakeela.

Glifosatoaren erabilera debekatuta dago Frantzian. 2016ko maiatzean jakinarazi zuen gobernuak ez ziola baimena berrituko.

Aldiz, Europako Batzordeak hainbatetan berritu du glifosatoa erabiltzeko baimena. Azkenekoz, iazko azaroan. 2022. urtera arteko baimena aitortu zion.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.