NAFARROA

Morrasen esanetan, foruzainek "eraginkor eta profesional" jokatu zuten NUPen

Javier Morras Presidentetza kontseilariak agerraldia egin du Parlamentuan, iragan ostiralean Foruzaingoak ikasleen protesten aurka egindako kargaren inguruan azalpenak emateko. Poliziak UPNren gobernuaren agindurik ez zuela jaso esan du Morrasek. 

2012ko irailaren 13a
15:52
Entzun

Javier Morras Nafarroako Gobernuko Presidentetza kontseilariak agerraldia egin du Parlamentuan, iragan ostiralean Foruzaingoak ikasleen protesten aurka egindako kargaren inguruan azalpenak emateko. Maiorga Ramirez Bilduko parlamentariari erantzunez, Morrasek adierazi du foruzainek "polizia demokratiko eta autonomo" gisa jokatu zutela, "legea betearazteko modu eraginkor eta profesionalean". 

Morrasek esan du Foruzaingoak ez zuela Gobernuaren agindurik jaso; "poliziak ez du gobernuaren inolako agindurik behar bere eginkizuna modu eraginkor eta arduratsuan betetzeko". Gainontzeko alderdiek ez bezala, UPNko kontseilariak ukatu egin du Foruzaingoaren eskuartzea "neurriz kanpokoa" izan zenik, aitzitik, "indarraren gutxieneko erabilera" egin zutela nabarmendu du. "Foruzaingoa zoriontzen dut, defentsarako baliabiderik gabe, borrarik gabe, gonbidatuak ekitaldira sartzea ahalbidetu zuelako". Nafarroako Gobernuak poliziaren lanean eskuhartzea "onartezina" dela adierazi du Morrasek. 

Nafarroako Unibertsitate Publikoan mozketen aurka protesta egin zutenei oldartu egin zitzaien Polizia. Unibertsitate barrura sartu ziren foruzainak, eta gazte bat behintzat zauritu zuten oldarraldian. NUPen ikasturtea hasteko ekitaldia zuten. Paloma Virseda Ikasleen errektoreordeak poliziak geldiarazi eta euren jokaera salatu zuen: "Ezin dugu onartu ikasleen kontra oldartzea poliziak unibertsitate barruan".

"Protestak gogaitu egiten du Nafarroako Gobernua"

Maiorga Ramirez Bilduko parlamentariak, Morrasen azalpenak baztertu ditu eta Foruzaingoaren jokaera "onartezina" izan zela berretsi. Bestalde, kontseilariak agindurik eman ez bazuen "zertarako dagoen" galdegin du. "Ostrukak bezala egin nahi du, arduretatik ihes egin". Morrasek Unibertsitatean gertatutakorekin zerikusirik ez duela esan izanak "arduratu" egiten dituela esan du Bilduko kideak. "Protestak gogaitu egiten du Nafarroako Gobernua". 

Herenegun Nafarroako Parlamentuak aho batez onartu zuen ikasle eta langileek murrizketa eta tasen igoeren aurka egindako protesten "zilegitasuna" aitortzen duen adierazpena. Bilduk bultzatutako testuan ikasle eta langileek "erabateko adierazpen askatasunez manifestatzeko duten eskubidea" bermatzeko beharra jasotzen da.

NaBaik, Bilduk eta Ezkerrak gogor salatu dute poliziaren jarrera. PSN isilik gelditu da.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.