Hainbat ibilgailuren arteko istripua izan da gaur Fontellasko (Nafarroa) A-68 autobidean, eta motozale bat hil da horren ondorioz. Nafarroako Gobernuak zabaldu duenez, 13:30 aldera gertatu da istripua. Auto batek eta kamioi batek elkarren kontra jo dute, eta bi motozalek horiekin talka egin dute gero; hildakoa horietako bat da. 34 urte ditu, eta Galiziakoa da.
Hildakoak izan ezik, istripuan zauritutakoek ez dute lesio larririk, eta ez dute ospitalera joan behar izan. Larrialdi zerbitzuek bertan eman diete arta. Foruzaingoak ikerketa abiatu du, istripua zer-nola gertatu den argitzeko.