UNIBERTSITATEA

Mozketen aurka altxatzeko eskatu diote Goirizelaiari sindikatuek eta ikasle taldeek

Bat egin dute unibertsitateko langileen eta ikasleen ordezkariek, eta ohartarazi dute mozketen eraginez “kinka larrian” jartzen ari direla EHU.

Garikoitz Goikoetxea.
2013ko ekainaren 4a
13:07
Entzun

Murrizketak EHU Euskal Herriko Unibertsitatean izaten ari diren eraginaz kezkatuta, sindikatuek eta ikasle taldeek elkar hartuta egin dute agerraldi bat. Honako talde hauek bildu dira mahai berean: LAB, EILAS, CCOO, ELA, UGT, Ikasle Abertzaleak eta Ikasle Ekintza. Ohartarazi dute Eusko Jaurlaritza egiten ari den mozketen eraginez unibertsitatea “kinka larrian” jartzen ari dela, eta horren aurka altxatzeko eskatu diote Iñaki Goirizelaia errektoreari. “Ez unibertsitateko kideok ezta gizarteak ere ez luke ulertuko isilik gelditzea erabakitzea”.

Jaurlaritzak zehaztua zeukan unibertsitate planean aldaketak egin dituztela salatu dute, eta aurten 51,2 milioi euro gutxiago jasoko dituela EHUk Gasteizko gobernutik. Horrek ondorioak izango dituela ohartarazi dute; besteak beste, laborategietarako eta ikasketetarako materialak erosteko diru gutxiago izango dute, ekitaldi zientifikoetara joateko laguntzak ere eskastu dira, eta hainbat programa eta zerbitzutan murrizketak egiten ari dira. “EHUn oraindik ez gaude Espainiako Estatuko hainbat unibertsitatetan bezain egoera larrian, baina aurten jasoko duen finantzaketa urriarekin murrizketa latzak egin beharko ditu”.

Ikasleen egoera ere hartu dute gogoan. Tasak igo eta bekak eskastu dizkietela salatu dute. “Muturreko egoera batean gera daiteke gure unibertsitatea: langileen seme-alabak unibertsitatera joan ezinda baliabide faltagatik, behar bezala ikertu eta irakatsi ezinda...”. Tasak ez igotzeko eskatu dute, pagatzeko erraztasunak jartzeko eta bekak eguneratzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.