OSASUNA

Muga inguruko osasun zerbitzua ziurtatzeko akordioa egin dute Jaurlaritzak eta Nafarroak

13.000 herritarri eragingo die itunak. Lankidetzan jardutea ere adostu dute bi gobernuek; besteak beste, jaioberrien kasuan, Osakidetzak egingo ditu Nafarroatik bidalitako azterketak.

Donostiako ospitalea. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS
Garikoitz Goikoetxea.
2015eko urtarrilaren 23a
15:04
Entzun

Arazo iturri izan da erkidegoen arteko mugan bizi diren herritarren osasun zerbitzua. Nafarroaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean ere izan ziren gorabeherak aurreko legealdian. Bortzirietako alkateek salatu zuten Iruñera bidaltzen ari zirela gaixoak, nahiz eta ordura arte Irunen eta Donostian ematen zieten zerbitzua, Gipuzkoan.

Horrelako kasuetarako hitzarmena berritu dute Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak. Hiru urterako ituna da. Horren bidez, muga inguruan bizi diren herritarrei zerbitzua bermatuko diete. Nafarroa iparraldeari dagokionez, honako herrietako biztanleek izango dute mediku espezialista Gipuzkoan: Arano, Arantza, Bera, Etxalar, Goizueta, Igantzi eta Lesaka. Araban emango diete zerbitzua Estellerriko herri hauetako biztanleei: Cabredo, Genevilla, Lapoblacion, Marañon eta Meano. Arabako herri hauetako biztanleek Osasunbidera jo ahalko dute: Arraia-Maeztu, Bernedo, Kanpezu, Lagran eta Harana. 13.000 herritar dira.

Elkarlanerako ildo gehiago ere zehaztu dituzte: espezialitate batzuetan, bigarren iritzia jasotzeko aukera izango dute Osakidetzaren pazienteek Osasunbidean, eta alderantziz; laborategiek elkarrekin egingo dituzte jardun batzuk... Zehazki, jaioberrien baheketa programan izango du eragina horrek: Nafarroako osasun zentroetatik bidalitako azterketak Osakidetzako laborategian egingo dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.