Nork bere heriotza kontrolatzeko eskubidea oinarrizkotzat jo beharko litzateke, denok hilko garelako noizbait». Euskal Herri osoan zigortuta dagoen jardunaren oinarria hitz horiekin laburtu du Txetxu Ausinek, CSIC Espainiako Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Goreneko Filosofia Institutuko kideak. Dena den, araututako eskubidea ez den heinean «abusu eta gehiegikeriei» ateak irekitzen zaizkiela uste du Ausinek. «Herbehereetan legez arautu zenetik, eutanasia kasuak jaitsi egin dira».
Iritzi bertsua du Rosalia Mirandak, Heriotza Duinaren Aldeko EAEko elkarteko presidenteak. «Gaixoaren autonomiaren aldarrikapena da heriotza duina, askatasun aldarria». Eskubide horiek aitortzeko gai direnak pausoa ematearen beldur direla kritikatu du. Heriotza duinari buruzko eztabaida politikoa «egoera lasaian» egin behar dela nabarmendu du, gainera.
Eztabaida hasterako, gauza bakoitzaren izena behar bezala argitu behar dela nabarmendu du Mirandak. Sendaezina den gaixotasun baten ondorioz muturreko sufrimendua bizi duen gaixo baten heriotza dakarren ekimena da eutanasia, gaixoak informazioa jaso ostean eskatua, eta osasun profesional batek egina. Lagundutako suizidioaren kasuan, profesionalak bere buruaz beste egiteko beharrezko baliabideak jartzen ditu gaixoaren esku, eutanasia kasuaren baldintza berberetan.
Berezitasunak berezitasun, gaixoaren aldez aurreko borondatea partekatzen dute lagundutako suizidioak eta eutanasiak. «Borondaterik ez badago, homizidioa da», argi utzi du Mirandak.
Gaixoen eskubideak zehazten dituzten legeak daudela gogorarazi du Ausinek, Espainiako Osasungintzako Lege Orokorra eta Gaixoaren Autonomiaren Legea kasu, bi horiek PPren babesarekin onartuak. Frantzian, Leonetti legeak ez du baimentzen eutanasia aktiboa.
Arau horietan arazoak sor ditzaketen hutsuneak daude. Adibide gisara Leganesen (Madril, Espainia) gertatzen ari den kasu bat gogorarazi dute Mirandak eta Ausinek. Izan ere, han itsu, gor eta buruko eritasunak jota dagoen 91 urteko emakume baten kasua ari dira aztertzen; elikagailu automatiko batera konektatuta mantentzen dute zahar etxe batean; tutoreak, ordea, elikagailua kendu eta tratamendu aringarria emanez hiltzen uzteko eskatu du. Elikagailua tratamendua edo oinarrizko zaintza den ari dira eztabaidatzen; tratamendutzat hartuz gero, kentzeko aukera legoke, baina zaintza moduan hartuz gero, ez. Halakoak argitzeko araudia beharrezkoa dela dio Ausinek.
Leganesko Severo Otxoa ospitaleko larrialdi zerbitzuko buruLuis Montesekin gertatutakoak aurrekari bat ezarri zuela uste du Ausinek. Madrilgo Erkidegoko Gobernuak 400 hilketa leporatu zizkion, hilzorian zeuden gaixoei lasaigarri dosi handiegia eman zielakoan. Montes errugabetzat jo zuen epaileak, baina kasu horrek zenbait medikuren jardunean eragina izan dezakeela uste du. «Mediku batzuk lasaigarriak ematearen beldur izan dira, jokabide horren aurkako salaketak eta jazarpen politikoa egon delako».
Eskaerak eskaera, Frantzia eta Espainiako legeak eskuan, delitutzat jotzen da eutanasia aktiboa, baita lagundutako suizidioa ere. «Borondate politiko falta» dagoela kritikatu dute Mirandak eta Ausinek, eta Eliza katolikoaren presioaz ohartarazi dute.
Muga lausoen menpeko eskubidea
Zenbait adituk nabarmendu dute eutanasia edota sendagileek lagundutako suizidioa baimenduta gehiegikeriei muga jarriko litzaiekeela; edozein kasutan, era honetako erabakiak hartzerakoan gaixoaren oniritzia ezinbestekoa dela nabarmendu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu