Euskal Herriko mugimendu feministak jakinarazi du mahai tekniko bat osatuko duela eragile politiko, sindikal eta sozialekin batera, «COVID-19aren ondoriozko zaintzen kolapsoari» heldu ahal izateko. Hogei eragile batuko dira mahai teknikoan, eta astelehen arratsaldean egingo dute lehen bilera birtuala helburuak, metodologia eta kronograma erabakitzeko. «Badakigu hau ez dela bi eguneko gauza izango; horregatik, oinarriak ondo finkatu nahi ditugu», adierazi du Naia Torrealdai mugimendu feministako kideak. Halere, gehitu du beren indar guztiarekin ari direla lanean.
Hain zuzen, asteartean eman zuten mahaia sortzeko asmoen berri Josebe Iturrioz eta Silvia Rugamas bozeramaileek, Internet bidez. Eragileei 48 orduko epea eman zieten mahai horretan parte hartuko zuten ala ez erabakitzeko eta erantzun bat emateko. «Ezin genuen gehiago itxaron; dugun erantzukizun moral eta politikoak erantzun azkar bat ematera behartzen gaitu», azpimarratu du Iturriozek. Haren iritziz, eragileek ere egoeraren «larritasuna» ulertu, eta lortu dute hogei eragile inguruk osatutako mahai bat osatzea. Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari ere mahaian parte hartzeko deia egin zien mugimenduak, baina ez dute erantzun.
Mahaiaren osaera
Batetik, euskal gehiengo sindikalaren ordezkaritza «zabal» batek hartuko du parte mahaian, mugimendu feministaren arabera. LAB, ELA, Steilas eta CNT sindikatuetako ordezkariak egongo dira. Bestetik, eragile politikoei dagokienez, Miren Gorrotxategi Elkarrekin-Podemoseko lehendakarigaia eta Oihana Etxebarrieta legebiltzarkide ohia izango dira batzarrean. Are, bi alderdietako kideek feminismoan adituak diren aholkulariekin batera hartuko dute parte: Ana Gonzalez eta Monika Plazaola. Equoko Erika Martinez ere bertan izango da. Gainontzeko alderdien erantzunik ez dute jaso.
Eragile sindikal eta politikoez gain, «berebiziko garrantzia» duten beste eragile batzuk ere egongo dira. «Errealitatea ezagutzeak jendarte osora iritsiko diren neurri askoz ere intersekzionalagoak planteatzea ahalbidetuko digu», nabarmendu du Torrealdaik. Esate baterako, Gasteizko Batera zaintza sare herritarra eta Amuge euskal emakume ijitoen elkartea eseriko dira mahaian. Haiez gain, badira aditu feministak ere: Amaia Perez ekonomialaria, Bea Ilardia indarkeria matxistan espezializatutako abokatua, Mati Iturralde lehen arretako medikua eta Jule Goikoetxea irakasle eta ikerlaria. Mugimendu feministaren ordezkari gisa, Iturrioz eta Torrealdai egongo dira, eta Zuriñe Rodriguez ikertzaileak izango du koordinazio teknikoaren ardura.