Jose Javier Mujikaren hilketagatik Espainiako Auzitegi Nazionalean egiten ari zen epaiketatik apartatzea erabaki du Angela Murillo magistratuak. Epaimahai burua zen Murillo, baina herenegun epaiketako ahozko saioan esandakoengatik bere inpartzialtasuna «zalantzan» jar daitekeenez, auzia uztea ebatzi du. Nolanahi ere, inpartzialtasunik ez duela galdu argi utzi nahi izan du.
Epaitegian bertan jakinarazi zuen erabakia Murillok atzo, bigarren saioa hastera zihoala. Gaur ekingo diote epaiketari berriz, Carmel Paloma Gonzalez magistratua epaimahaiburu dela. Jose Ricardo de Prada magistratua batuko da epaimahaira, Murillok utzitako lekua betetzera.
«Kabroiak» deitu zien Murillok Mujika hiltzea egotzita epaitzen ari diren ustezko hiru etakideei. Francisco Javier Garcia Gaztelu, Andoni Otegi, Oscar Zelarain eta Juan Carlos Besance ari dira epaitzen UPNren Leitzako zinegotzia hiltzea egotzita. Epaiketan Mujika zenaren alargun Adoracion Zubeldiak deklaratu zuenean honakoa esan zuen Murillok: «Emakume gaixoa. Eta kabroi hauek barre egiten dute gainera!». Horiek mikrofonoa irekita zuela esan zituen, eta guztiek entzun ahal izan zituzten.
Murillok atzo esan zuen «benetan zorigaiztoko espresioa» erabili zuela, baina ez zihoala hiruretako inori zuzenduta. Nolanahi ere, bere neutraltasuna defendatu zuen, eta esan zuen inpartzial izateari ez diola uzten. «Inpartzialtasun subjektiboa» ez dela asaldatu esan zuen, baina Espainiako Auzitegi Gorenak «inpartzialtasun objektiboari» ematen dion garrantzia kontuan hartuta, hura «asaldatu» dela norbaitek esan dezakeela onartu du.
«Espainiak uste duena»
Espainiako Kongresuko presidente Jose Bonok defendatu egin du Murillo. Hark egin zuen hutsa mikrofonoa ez itzaltzea izan zela esan zuen, baina epaileak «Espainia osoak pentsatzen duena» esan zuela gaineratu zuen. «Deklarazio batean negar egiten duen alargun batenaurrean barre egiten duena hain justu magistratuak esan zuena da, eta baita beste gauza bat ere: hiltzailea».
Murilloren «purrustadak» ez direla berriak esan zuen bestalde, Iñigo Urkullu EAJren EBBko buruak. Epaitzen ari diren ustezko etakideak «ezker abertzaleak sustatutako gorrotoaren belaunaldikoak» direla gaineratu zuen.
Ramon Jauregi Espainiako Gobernuko Presidentzia ministroaren irudiko, berriz, «desegokiak» dira epailearen adierazpen horiek. «Erreakzio sentimental bat» egotea ulertzen duela esan zien komunikabideei, baina magistratu batek era horretako iritziak gorde egin behar dituela uste du.
Mujikaren hilketaren auzia utzi du Murillok, baina inpartziala dela dio
Bonok dio Murillok «Espainia guztiak pentsatzen duena» esan zuela ustezko etakideei «kabroi» deituta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu