Shanghaiko sailkapenean sartu da EHU Euskal Herriko Unibertsitatea, lehen aldiz; munduko 400 unibertsitate onenen artean kokatu da. Hego Euskal Herriko unibertsitate bakarra da zerrenda horretan. Atzo eman zuen berria EHUk berak, prentsaurreko batean. Iñaki Goirizelaia errektoreak jakinarazi duenez, Espainiako unibertsitate bakar bat ere ez da sartu aurten Shanghaiko sailkapenean.
Mundu osoko 22.000 unibertsitate aztertzen dituzte Shanghaiko sailkapenerako. Ondoren, zerrenda bat egiten dute, 500 onenekin; urtero egiten dute sailkapen hori. Shanghaiko Jiao Tong unibertsitateak egiten du sailkapena, 2003az geroztik. Unibertsitateak sailkatzeko, hainbat irizpide erabiltzen ditu: unibertsitate bakoitzeko ikerlariek zenbat aipamen jasotzen dituzten, ekoizpen zientifikoa zenbatekoa den, ekoizpen zientifiko horren kalitatea nolakoa den, ikasle ohien ikerketek jasotako aipamenak, eta unibertsitateak zenbat Nobel sari jaso dituen hartzen dute kontuan, besteak beste.
Goirizelaiak nabarmendu duenez, «espero baino lehenago» sartu da EHU Shanghaiko sailkapenean; 2014rako espero zuten zerrenda horretan sartzea. 400 unibertsitate onenen artean egotea «arrakasta handia» dela uste du Goirizelaiak. Era berean, «harro» dagoela esan du, EHU unibertsitate publikoa izanik Shainghaiko sailkapenean sartu delako.
Bestalde, mundu osoko unibertsitateek Interneten duten presentzia aztertu du CSIC IKerketa Zientifikoen Kontseiluko Zibermetria Laborategiak, eta ikerketaren emaitzak kaleratu ditu: 170. postuan dago Euskal Herriko Unibertsitatea.
Mundu guztiko 400 unibertsitate onenen artean kokatu dute EHU
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu