ERABAKITZEKO ESKUBIDEA

Munduan nor izateko, bide propioa

Ibarretxek azaldu du mundu globalizatua izan arren gero eta herrialde gehiago daudela Nazio Batuen Erakundean eta Europako Batasunean. "Ez dago aitzakiarik. Gure esku dago". Beasainen aritu da. Jarraian saioaren laburpena, bideo batean bilduta. [Youtube]https://youtu.be/VeayZXLRwjI[/Youtube]

enekoitz esnaola
2015eko urriaren 8a
13:23
Entzun

Joan den irailaren 27an Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia ere izan zen EAJren Alderdi Eguneko ekitaldian, Gasteizen, oholtzako harmailetan Jose Antonio Ardanza lehendakari izandakoaren ondoan eserita, eta bertatik bertara entzun zuen, beraz, Iñigo Urkullu Gasteizko gobernuko gaurko buruak «[Espainiako] batasunari» buruz esandakoa. «Kontsulta itundu eta legezko baten aukeran sinesten dut, eta elkarrekiko aitortzan oinarritutako batasunean; adibidea, Erresuma Batua». Kataluniako hauteskundeen eguna zen orduan, eta, ondorengo egunetan, Ibarretxek boz haiei buruzko iritzi artikulu bat idatzi zuen Noticias talderako; «indar independentistek irabazi» zutela idatzi zuen, eta Euskal Herrian «antzeko prozesu bat abiatu» behar dela berandu baino lehen. Lehengo larunbatean atera zen haren artikulua. Igandean, berriz, Urkulluren elkarrizketa bat El Correo egunkarian, non, EAJk eta Eusko Jaurlaritzak Kataluniako bideari segitzerik ez dutela nahi adierazteaz gain, Alderdi Eguneko ideia sakondu zuen: «Borondatezko bat egiteaz ari naiz. Egin dadila galdera euskal herritarrek Espainiako Estatura batuta segitu nahi duten, ez independizatu nahi dugun». Bi ildo ageri-agerian? Bi estrategia? Bi ikusmolde?

Ibarretxe euskal gaiaz berriro mintzatu da jendaurrean: Beasainen (Gipuzkoa), atzo arratsaldean, Erabakitzeko eskubidea, kultura eta berrikuntza saioan. Agirre Lehendakaria Center fundazioaren egitasmoa azaldu du —hango burua da—, baina izan du beste hizpiderik. Haren hitzaldiko ondorioa: Euskal Herriaren moduko herri txiki bat mundu globalizatu honetan nor izan daitekeela —estatua, adibidez—, baina horretarako, betiere, bide propioa garatu behar duela; kasurako, Madrilen menpe izateke.

Balioak aipatu ditu lehenik eta behin. Esan du munduan berrikuntza eta lehiakortasunaren arloetan Euskal Herriaren —Euskadi terminoa ere erabili du— moduko herriak daudela puntaren puntan —Finlandia, Suitza…—, eta euskal gizarteak ere maila hori izateko lan egin behar duela. «Berrikuntzaz-eta aparte, kultura da gakoa». Baina, halaber, aipatu du mundu globalizatu honetan gero eta estatu gehiago daudela nazioarteko instituzioetan. «Nazio Batuen Erakundea sortu zenean —1945ean—, 51 herrialde ziren kide, eta azken txostenean, 2011koan, 193». Europako Batasunean bertan ere kideak ugaritzen ari direla nabarmendu du Ibarretxek. Estatuak dira haiek. «Zergatik ez 2030ean NBE barruan Flandria, Eskozia, Katalunia edota Euskal Herria? Gure etorkizuna ez da Bruselan eta Madrilen erabakiko. Ez dago aitzakiarik. Gure esku dago». Txalo zaparrada izan da orduan, Usurbe antzokian. Bete egin da aretoa. «Tiradizoa du Ibarretxek», esan du herritar batek ekitaldia hasi aurretik.

Ikerkuntza, berrikuntza eta ezagutzaren hedapena gauzatzeko helburuarekin, duela bi urte eta erdi sortu zuten Agirre Lehendakaria Center, eta Ibarretxe da burua. Lehen, Eusko Jaurlaritzako lehendakari gisa (1999-2009), bere eginkizuna «Euskadi, Euskal Herria munduko plazan kokatzea» eta «euskal kasua aurkeztea» izan direla adierazi du. Fundazioak lehen fasea bete du, haren esanetan, eta 2016-2019ko egitasmoari ekingo dio orain. Hilaren 14an, Bilbon egingo duten ekitaldi batean, The K is the key (kultura da giltza) ideiaren inguruko hausnarketak aurkeztuko dituzte.

«Erantzuna, lokala»

«Globalizazioaren atzean dagoena da tokian tokikoa desegitea, eta, gizarte global batean, erantzunak lokala izan behar du. Kontraesana dirudi, baina mundu globalean gakoa bide propioa egitea da», azpimarratu du Ibarretxek.

Jose Manuel Castells EHUko Zuzenbideko katedraduna, Angel Oiarbide Gure Esku Dago dinamikako bozeramailea eta Ixabel Olano Beasaingo irakasle ohia ere aritu dira saioan. Castellsek esan du Europan badela independentzia gauzatzeko biderik, Kosovoko eta Eskoziako kasuak hor direla, biak ere modu eta emaitza aldetik desberdinak izan arren. Espainiako Estatuaren «itxikeria» txarretsi du, eta Ibarretxeri eskatu dio abia dezala, «herriagatik», beste «abentura politiko bat». Txaloak izan dira orduan ere.

Oiarbidek aldarrikatu du herri baten etorkizuna marrazteko herritarrek izan behar dutela protagonista, eta esan du norberak erantzukizuna hartu behar duela horretarako. «Gauzak egiteko ardura ez baduzu hartzen, gero zure gaitasunetan ez duzu sinesten, eta, azkenik, menpeko bihurtzen zara. Eta kanpora begiratzen ibili beharrean (Eskozia, Katalunia…), barrura begiratu behar da, barne bidaia bat eginda». Adostasunaren balioa azpimarratu du «ziklo berri bat» zabaltzeko. «Naturak bezala, herri batek bere zikloak ditu. Ziklo hau zahartu da; horrek ez du esan nahi berria hasi denik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.