Globe Runner enpresa estatubatuarrak mundu osoko 783 domeinu berri aztertu ditu, eta .eus domeinua munduko domeinu berri onenen artean dagoela ondorioztatu du. Zehazki, .nrw, .scot eta .brussels domeinuen atzetik laugarren postuan kokatu dute kalitate eta SEO sailkapenetan.
Domeinu berriek darabiltzaten webguneen konfiantza fluxua ere aztertu du, eta hiru euskal webgune ageri dira lehen hogei postuetan: laugarren postua eskuratu du Eitb.eus-ek; bederatzigarrena Berria.eus-ek; eta hamabigarrena Argia.eus-ek.
Domeinuaren arduradunen arabera, azterketak agerian utzi du .eus kalitatezko domeinua dela, "bertan erregistratzen duten webguneek domeinua erabiltzeaz gain kalitatezko edukia sareratzen baitute".
2014an sareratu zen .eus domeinua, eta, harrezkero, euskara eta euskal kulturaren komunitatearen Interneteko lehen mailako domeinu bihurtu da.