Mundu osoan detektatutako COVID-19 kasuen kurbak asteak zeramatzan maldan behera, baina joera eten egin da, azkenik. Zehazki, OME Osasunaren Mundu Erakundeak jakinarazi du astebetean zenbatutako positibo kopurua %2 handitu dela aurreko asteko datuen aldean, eta, beraz, birusa hanpatu egin dela, bi hilabetez beheranzko joera etengabean izan ondotik. Zehazki, OMEk jakinarazi du 2,6 milioi kasu zenbatu zirela ekainaren 21etik 27ra.
Halaber, COVID-19aren delta aldaeraren arriskuaz ohartarazi du erakundeak. Azaldu dutenez, aldaera 100 herrialde baino gehiagotan zabaltzen ari da dagoeneko, eta nabarmen ari da eragiten, besteak beste, Afrikan, Brasilen, Errusian, eta Erresuma Batuan.
Hain zuzen ere, birusa berriz ere hanpatzen ari den honetan sartuko da indarrean COVID ziurtagiria Europako Batasunean. Bihartik, gaitzari buruzko immunitatearen gaineko informazioa ematen duen ziurtagiria giltzarri izanen da hainbat herrialderen arteko mugikortasunerako.