Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak agerraldi bat egin du gaur eguerdian COVID-19aren azken berriak emateko, eta azaldu du Basurtuko ospitaleko egoera «kontrolatuta» dagoela: «Zaintza estuari esker, egoera kontrolatu dela dirudi; hala ere, oso zuhurrak izan behar dugu, eta hurrengo egunetan zer gertatuko den ikusi». Hain zuzen, PRC probak egin ostean, guztira 32 positibo atzeman dituzte ospitale horretan, atzo baino hiru gehiago. Horietatik hamabi langileak dira, beste hamabi pazienteak, eta zortzi bisitariak edo ingurukoak. Are gehiago, Basurtuko ospitaleko erditze gelak ere itxi egin dituzte ustezko koronabirus kasu batengatik. Gasteizko Txagorritxuko ospitalean, berriz, ez dago beste kutsaturik, eta oraingoz zazpik eman dute positibo.
Eguneko datuei dagokienez, beste zortzi positibo erregistratu dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; guztiak, Bizkaian. Hildakoak, berriz, hiru dira. Osasun sailburuaren arabera, joera «ona» da, eta orain «zaintza estua» egiteko momentua da. Hala ere, normaltasunera itzuli ahal izateko, gaineratu du beharrezkoa dela maskarak erabiltzea eta segurtasun tartea mantentzea. «Zenbat eta urrats gehiago egin normaltasunera, orduan eta garrantzitsuagoa izango da gomendioak betetzea; maskara erabiltzea funtsezkoa da, eta guztion esku dago aurrera egiten jarraitzea», nabarmendu du.
Ikerketa serologikoak
Oraindik ez dira argitara eman Nafarroako eguneko datuak, baina Santos Indurain Nafarroako Gobernuko osasun kontseilariak jakinarazi duenez, ikerketa serologiko propioa egiteko asmoa dute udazkenean, Nafarroan COVID-19a zenbat pertsonak izan duten jakiteko. Hain zuzen, ikerketan mila pertsona aztertuko dituzte, eta Indurainek azaldu du ondorioak sexuaren eta adinaren arabera aterako dituztela. Haren ustez, «beharrezkoa» da egoeraren ebaluazioa egiten jarraitzea, besteak beste bide ematen duelako «kontrol neurriak ezartzeko» eta «epidemiaren jarraipena» egiteko.
Espainiako Osasun Ministerioak sustatutako eta Espainiako Karlos III.a unibertsitateak diseinatutako ikerketa serologikoen emaitzak dira orain arte argitara emandakoak, baina Hego Euskal Herrian Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuko osasun sailek eta zerbitzuek egiten dituzte. Dagoeneko bi neurketa egin dituzte, eta ekainaren hasieran emandako azken datuen arabera, Hegoaldeko herritarren %4,3 zituen kutsatuak koronabirusak. Hain zuzen, guztira 124.000 lirateke birusa izan duten herritarrak.