Angela Murillok «aurreiritziak» zituen Arnaldo Otegiri buruz hura epaitu zuenean, eta Espainiako Auzitegi Nazionalean egin zioten epaiketan ez zuen epaile bati dagokion jarrera partziala mantendu. Hala uste du Espainiako Auzitegi Gorenak, eta, horrenbestez, baliogabetu egin du Otegiri bi urteko espetxe zigorra eta hamasei hilabeteko inhabilitazioa jarriz Auzitegi Nazionaleko tribunalak kaleratu zuen epaia —Angela Murillok, Teresa Palaciosek eta Juan Francisco Martelek osatu zuten tribunala—. Hala, beste epaimahai bat izendatu, eta hark Otegi berriz epaitzeko agindu du Gorenak, Jose Mari Sagardui Gatza presoaren aldeko ekitaldian «terrorismoa goratu» zuen edo ez aztertzeko. Epaimahai berri horrek «irizpide askatasunarekin» erabakia hartu behar duela ohartarazi du.
Itziar Galardi eta Josune Irakulisekin batera epaitu zuten Otegi, iazko urtarrilean. Gatzak espetxean 25 urte betetzen zituela-eta omenaldia egin zioten 2005eko uztailean, eta omenaldi hartan «terrorismoa goratzea» egotzi zieten hirurei. Galardi eta Irakulis absolbitu egin zituen epaimahaiak, baina Otegi ez. Ezker abertzaleko kideak Zornotzan egin zuen hitzaldiaren amaieran ikusi zuen delitua tribunalak: «[Euskal Herriaren agertoki nazional demokratikoa] euskal preso politikoei, errefuxiatuei eta borrokan utzi ditugun beste hainbat kideri zor diegu, eta lortuko dugu!», esan zuen.
Epaiketan, defentsaren galderei erantzun eta bere tokira esertzera zihoanean ETAren indarkeria kondenatzen al duen galdetu zion Murillok Otegiri. Hark, bere eskubideari eutsiz, ez zuen galdera erantzun. «Banekien ez zenuela erantzungo», esan zion epaimahaiburuak. Jone Goirizelaia abokatuak Gorenean jarritako helegitean argudiatu zuenez, hitz horietan argi ikusten da epailearen partzialtasuna, eta Auzitegi Goreneko tribunalak arrazoia eman dio. «Objektiboki justifikatuta» daude, Gorenaren arabera, Murilloren partzialtasuna dudan jartzeko arrazoiak. Galdera hori frogak ikustera eta Otegi azken hitza esatera iritsi aurretik egin izana jarri du argudio gisa, aurretik egindako iritzia dela ebazteko.
«Pasibitate erlatiboa»
Otegiri galdera hori egitea eta hark ez erantzutea erabaki ostean «banekien» esatea aurretik osatutako iritzia edukitzea pentsatzeko nahiko arrazoi direla uste du. Gogora ekarri du Epaitze Kriminalerako Legearen arabera «pasibitate erlatiboa» eduki behar duela epaimahaiak. Hala ere, epaituaren deklarazioen inguruko azalpen edo argipenak behar izatekotan haiek eska ditzaketela azpimarratu du. «Eduki inkriminatzailea» duten galderarik ezin daitekeela egin azpimarratzen du, ordea, eta gisa horretako galderatzat jotzen du Murillok Otegiri egindakoa.
Murillok kazetarien ahotik jakin zuen berria atzo, eta ez zuen baloraziorik egin nahi izan.
Murillo «partziala» delako, Otegiren zigorra baliogabetu du Gorenak
Angela Murillo epaileak partzialtasunez jokatu zuela dio Auzitegi Gorenak, eta hark Otegiri jarritako zigorra baliogabetu duBi urteko zigorra jarri zion, Gatzaren omenaldian egindako hitzengatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu