Murillok akusatuak iraindu ditu Mujikaren hilketaren epaiketan

«Zerri hauek barre egiten dute, gainera!», esan du Garcia Gazteluri buruz atzo hasitako auzi saioan

2011ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Angela Murillo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak kolokan jarri du bere inpartzialitatea, beste behin. Francisco Javier Garcia Gaztelu ustezko ETAko kidearen «jarrera hotza» kritikatu du. «Emakume gaixoa. Eta zerri hauek barre egiten dute gainera!», esan zuen atzo Murillok Garcia Gazteluri buruz, bere aurkako epaiketan epaimahaiburu lanetan ari zela. Auzitegi Nazionalean esan zituen horiek epaileak, ETAk 2001ean hildako Jose Javier Mujika Leitzako UPNko zinegotzi zenaren alargun Adoracion Zublediaren lekukotasuna entzun ondoren.

Ez da Murillok horrelako adierazpenak egiten dituen lehen aldia. Joan den otsailaren 8an Murillok Arnaldo Otegiri ezarritako bi urteko kartzela zigorra atzera bota zuen Auzitegi Gorenak. Jose Maria Sagarduiri preso zela egindako omenaldian parte hartuta, «terrorismoa goratzea» egotzi zion Murillo buru zuen epaimahaiak Otegiri. Auzitegi Gorenak, aldiz, ez zuen epai hori onartu, «aurreiritzietan oinarritutako erruduntasuna» ezarri zela argudiatuta. Ondorioz, Otegi berriz epaitzeko agindu zuen Gorenak.

Mujika, Leitzako (Nafarroa) UPNko zinegotzia, kotxe azpian jarritako lehergailuak eztanda egitean zendu zen 2001 urteko uztailean.

Atentatuan parte hartzea leporatuta, Andoni Otegi, Oskar Zelarain eta Juan Carlos Besance ere epaitzen ari da, egunotan, Auzitegi Nazionala. Garciak, Otegik eta Zelarainek ez zuten deklaratu atzoko saioan. Epaiketa hasi aurretik, baina, «esandakoak esanda daude», argitu zuen Garcia Gazteluk. Besancek, berriz, bere testigantza torturapean egindakoa izan zela nabarmendu zuen. 38 eta 48 urte arteko kartzela zigorrak eskatu ditu fiskalak lau akusatuentzat.

Omenaldia Mujikari

UPNk Mujika omendu zuen atzo, zinegotzi zenari «kendutako askatasunaren errebindikazio» gisa. UPNk adierazi zuenez, omenaldiak «gaurkotasuna duten gaiak» eta «gizartearen ideiak eztabaidatzeko» balio du. Estatu Batuek Espainian duten enbaxadore Alan Solomont bertan izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.