Frantziako Gobernuaren eskariari jarraikiz, Bordeleko Errektoretzak irakasle murrizketa latza eginen du heldu den eskola sartzean. Aurreikusten dituzten kopuruak aztertzeko bilkura zuten atzo Frantziako Hezkuntza Ministerioko ordezkariek eta sindikatuek. Alta, azken horiek ez ziren sartu bilkurara, protesta gisa. Oraindik lanpostuen murrizketen mapa zehaztu ez bada ere, departamenduan 85 lanpostu kenduko dituztela iragarri dute.
Sindikatuek jakinarazi dute Pirinio Atlantikoetan 85 lanpostu kenduko liratekeela, aldi berean 88 ikasle gutxiago egonen direlarik. «Irizpide ekonomikoetan oinarriturik, urtez urte eskola publikoari baliabideak kentzeari ekin dio Frantziako Hezkuntzak, kalitatezko eskola publikoa arriskuan ezarriz», erran du Yann Moreau SNUipp sindikatuko departamenduko idazkari nagusiak. Prozedurari jarraikiz, departamenduko batzorde teknikoa bilduko da Pauen, otsailaren 16an eta 17an. Bertan, Bordeleko Akademiaren erabakia berretsi beharko dute. Sindikatuek ez dute jakinarazi bilkuran egonen diren, edo Bordeleko bilkuran bezala kanpoan gelditzea erabakiko duten protesta gisa.
Maila guztietan
Bordeleko Akademiaren arabera, departamendu mailan 46 lanpostu kenduko dituzte ama eskoletan, eta 39 kolegio eta lizeoetan. Batzorde teknikoak ebatzi beharko du, otsaileko bilkuretan, non eginen dituen murrizketak eta nola orekatzen duen behin-behineko eskola karta. «Sobera goiz da jakiteko eskola elebidunetan murrizketarik eginen duten edo ez. Baina kontuan hartuz sekula baino murrizketa handiagoak egin nahi dituztela, pentsa dezakegu eskola elebidunari ere eraginen diotela», erran du Moreauk.
Sindikatuen arabera, murrizketarik handiena lehen mailetan eta zailtasunak dituzten ikasleen laguntzaileetan izanen da, joan den urtean bezala. Otsaileko bilkuren ondotik, behin-behineko eskola karta zehazturik geldituko litzateke; eta, usaian bezala, azken doikuntzak eskola sartzea egin eta gero burutuko ditu Akademiak. Ikusirik murrizketen kopurua, sindikatuek eskola publikoetako guraso eta langileen mobilizaziora deitu dute dagoeneko.
Eskola kartaren osaketa finkatu aitzin, eskolek ezin dute jakin zenbat lanpostu galduko dituzten; eta, bide batez, zaila da gurasoen mobilizazioa eragitea. Baina lehen izen emateen bilduma esku artean dute eskolek, eta eskola sartzeraino ikasleen kopurua alda badaiteke ere, abian dira zurrumurruak hainbat herri eta eskolatan.
Hezkuntza publiko elebiduneko guraso elkarteak ere eskola kartari begira daude. Azken urteotan, baliabide murrizketa salatu dute, eta eskola elebidunarentzat baliabide gehiago aldarrikatu.
Murrizketa handia eginen du Bordeleko Akademiak
Eskola sartzean 85 irakasle postu kendu nahi ditu errektoreak departamenduan xehetasunik eman gabe
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu