Murrizketa oro salatu dute itunpeko irakasleek

Nafarroak ezarri nahi dituen neurrien kontra egin dute sindikatuek, eta patronalaren jarrera ere kritikatu dute

10.200 sinaduratik goiti aurkeztu dituzte Hezkuntzan. LANDER F. ARROIABE / ARP.
edurne elizondo
Iruñea
2012ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Ezezko biribila. Erantzun hori eman diete Nafarroako itunpeko irakaskuntzako Sepna, ELA, LAB eta UGT sindikatuek Hezkuntza Departamentuak ezarri nahi dituen murrizketei. Neurri horien ordez Nafarroako itunpeko irakaskuntzako zentroek egin duten proposamena ere ez dute ontzat jo. «Murrizketak Nafarroako Gobernuak ezarri nahi ditu; harena da erantzukizuna. Patronalak langileok egin nahi gaitu gal daitezkeen lanpostuen erantzule, eta ez gaude xantaia hori onartzeko prest», erran du Ricardo Abetek, Sepna sindikatuko ordezkariak.

Gobernuak, sindikatuek eta zentroetako arduradunek maiatzaren 25ean egin zuten bilera. Hezkuntza Departamentuak argi utzi zuen 3,9 milioi euro aurreztea zela ezarri beharreko neurrien helburua. Joan den astean, zentroek salatu zuten neurri horien ondorioz itunpeko 105 irakasleren lanpostua galduko dela. Bertzelako proposamen bat egin zuten lanpostuei eusteko: irakasleen soldata eta zentroek jaso beharreko diru laguntza %2 jaistea. Proposamen horren alde egiteko eskatu zieten sindikatuei.

Baina sindikatuak ez dira ados. «Errealitatearen alderdi bat baino ez du erakutsi patronalak», erran du Abetek. Soldata eta diru laguntza jaisteaz gain bertzelako neurriak ezarriko liratekeela gaineratu du, eta neurri horiek langileen baldintzei, eta, batez ere, irakaskuntzaren kalitateari kalte eginen lieketela. «Ordezkapenak hamargarren egunetik aurrera eginen lirateke; 57 urtetik goitikoek ezin izanen lukete lan jardunaldia murriztu; eta erretiro partziala dutenek eskola ordu gehiago eman beharko lukete».

Mobilizazioak

Sindikatuak ez daude murrizketak onartzeko prest, eta haien kontra elkarretaratzeak antolatu dituzte datozen asteetarako. Hilaren 11n eta 18an, itunpeko ikastetxe guztietan eginen dituzte. Hilaren 25ean, berriz, Hezkuntza Departamentuaren egoitzaren aurrean eginen dute, 14:00etan.

Irakaskuntza publikoko mobilizazioak ere ez dira amaitu. Atzo, 10.200 sinaduratik goiti aurkeztu zituzten Sortzen Ikasbatuaz-ek, Herrikoak eta bertze hainbat eragilek, murrizketen aurka. Astelehenean, berriz, bilera dute sindikatuek eta Hezkuntza Departamentuko arduradunek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.