Murrizketak aulkipean utzita

Garikoitz Goikoetxea.
2012ko urriaren 9a
08:35
Entzun

Denbora gutxian egoteko eserleku horietakoak jarri zituzten atzo PPren ekitaldian, Donostiako San Telmo museoan. Ez eserita ez etzanda egoteko horietakoak. Mitinera joandakoak agurtuta —zaharragoak zituen gehienak—, aulkian eroso jartzen kostatu zitzaion Mariano Raxoiri. Ipurdia asentatu ezinik zela, are deserosoago jarri izan behar zuen Borja Semper Gipuzkoako PPko presidenteak: "Gauzak argi esatera dator gaur Mariano. Gauzak diren bezala esatera". Berdin Arantza Quirogak ere, hitzaldi osoa ekonomiaz eginda. Atzera-aurrera ugari egin zuen aulkian Raxoik.

Lasaitua oholtzara igotzean hartu zuen. Ez zen han leku deserosorik. Erraz aritu zen, gozo. Gauzak argi esatera joan zela Donostiara esan zuten sarrerakoan, baina azalpenik batere ez murrizketa gogorrez, erreskateaz, pentsioei buruz, hezkuntzaren birzentralizazioaz; azalpenik ez bakegintzaz, jardun armatuaren amaieraren urteurrenaz, presoen egoeraz. Aulkiko atzera-aurreretan eroriko zitzaion papera, eta Basagoitirena hartu nahastuta: nola zabaldu beldurra independentziari buruz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.