Hezkuntzan eta ikerketan egiten ari diren diru murrizketak "konponezineko kaltea" eragiten ari direla ohartarazi dute unibertsitateetako errektoreek. NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Espainiako CRUE elkartean batutako unibertsitateek egin dute salaketa agiri bateratu batean. Adierazi dute “ekonomikoki itotzen” ari dela unibertsitatea mozketen ondorioz. "Egoera kezkagarrian gaude: unibertsitatearen jardun oinarrizkoak kolokan egon daitezke"
EHU Euskal Herriko Unibertsitatea CRUE elkarteko kide da, baina ez du agiri hori bere egin. Unibertsitateko iturriek BERRIAri azaldu diote agiriaren “filosofiarekin” bat egiten dutela baina “desberdina” dela EHUren egoera. “Unibertsitate plana indarrean daukagu, eta Jaurlaritza betetzen ari da finantzaketa”.
Espainiako aurrekontu proiektuko murrizketa nabariak aipatu dituzte agirian NUPek eta Espainiako unibertsitateek: goi hezkuntzarako diru sailak %18 gutxituko ditu PPk, eta ikerketako gastuetarakoak, %80. "Garapen teknologikoaren trena galtzen ari gara, ikerketaren eta ezagutzaren alorreko aurrerapenak hipotekatzen". Krisitik ezingo da atera norabide horrekin, errektoreen esanetan: "Ezagutzarik gabe ez da garapenik izango. Egoera honetan, unibertsitateek soilik ez, guztiok galduko dugu, gizarteak, oro har".
Finantzaketa publikoari eusteko eskatu diete erakundeei: "Inbertsioa baita, ez gastua". Bidea zabalik utzi dute, nolanahi ere, finantzaketa pribatua areagotzeko: “diru iturriak dibertsifikatzea” aipatu dute.