Zamudion (Bizkaia) buruko erientzat Osakidetzak duen ospitalean ari da Mari Cruz Espinosa (1961, Barakaldo, Bizkaia): erizain laguntzaile. 2007tik era jarraian ari da han. Lan gatazka bete-betean daude han: izan ere, txikitu egin nahi dute erizain laguntzaileen lantaldea, eta han ari diren beharginek argi dute horrek ondorio txarrak ekar ditzakeela. Erietxeko solairu bakoitzeko, lau erizain laguntzaile eta erizain bakar bat laga nahi dituzte arratsaldeko txandan —garai batean bost laguntzaile egoten ziren; bi erizain—, eta zinetan aldaketa arazotsua izan daitekeela dio Espinosak. Buruko eri larriekin lan egiten dute, eta ez du ezkutatzen lanaren gogortasuna. «Hain justu, erizain laguntzaileok gaixoekin ditugun egitekoetako bat euste lana izaten da zenbaitetan». Murrizketa egiten badute, ordea, ez dutela lana taxuz egiteko adinako lantalderik izango dio. «Arrisku handiko egoerak sor daitezke», ohartarazi du..
Sona du Zamudioko erietxeak: Osakidetzaren onenetako bat izan da. 2004an zilarrezko Q saria eskuratu zuen; 2007an, urrezkoa. Onartzen du ondo egindako lana Espinosak, baina ordutik egoera asko kaskartu dela dio. «Lantaldean bestelakoa zen egoera ziurtagiri horiek eskuratu zirenean», oroitarazi du. Kritikoa da iraganeko arrakastaren lorratz hari lotuta mintzo diren agintariekin.«Ez dakit zer-nola berrikusten diren ziurtagiri klase horiek, baina orain berrikusiko balira, hainbat Q sari desagertu egingo lirateke».
Lan baldintzetako galeren katea ere oso luzea dela dio. «Soldata %10 murriztu digute», azaldu du. «Eta aparteko soldata bat ere galdu genuen. Ez dakigu inoiz berreskuratuko dugun». Libre hartzeko egunetan ere, behera: «45 ordutik hamalaura murriztu zizkiguten». Aldiz, ugaritu egin diete urteko lanordu kopurua: «1.592 ziren lehen; 1.614 orain». Astun egiten dela dio, eta aintzat hartu behar dela lantaldearen adina. «Oso zaharra da; oro har, 50 urteren bueltan gabiltza». Eta oso kritikoa da horrek guztiak ekarri duen lanpostuen galerarekin. Kalkulu bat egin du: «Zamudion, oro har, murrizketen ondorioz, denon artean 1.800 lanegun gehiago egiten ditugu urtean; horrek lehen esan nahi zuen bost lagunentzat urte osorako lana, eta orain jende hori lanik gabe geratzen da», azaldu du. «Enpresek esaten da, baina alor publikoak ere jende asko utzi du kalean».
Mari Cruz Espinosa. Erizain laguntzailea
«Murrizketekin arrisku egoerak sor daitezke»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu