Murriztu, behartuta egon ez arren

Erretiro aurreratuko saria kendu du EHUk, diru gutxiago dagoenean «lehentasunak» ezarri behar direla argudiatuta

Murrizketen aurka protesta egingo dute sindikatu abertzaleek gaur eta etzi. BERRIA.
Maite Asensio Lozano.
2012ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Langile publikoen lan baldintzetan murrizketak orokortzen ari dira, eta bide bertsua hartu du EHU Euskal Herriko Unibertsitateak, neurriok hartzera behartuta ez dagoen arren. Baliabide publikoak arduraz eta eraginkortasunez erabili beharra dagoela aipatzen dute arrazoi gisa. «Bestela eginez gero, gizarteak ez luke ulertuko», esan zuen Iñaki Goirizelaia errektoreak urtarrileko Gobernu Kontseiluan, aurtengo aurrekontuak aurkeztean. Juanjo Unzilla Koordinazio errektoreordeak berretsi du «mundu errealari begirako planteamendua» egin dutela, baina «irakaskuntza, ikerketa eta enplegua mantentzea» bermatuz. Sindikatuak, halere, haserre daude erabakiekin.

Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak langile publikoei egindako murrizketak «autonomiaz» aplikatuko ditu EHUk. Madrilek agindutako neurri batzuk hartzera derrigortuta dago EHU; hala, ezingo du soldatarik igo, ezta pentsio planei ekarpenik egin ere. Ordezkapenei dagokienez, zorrotz jokatuko du horiek justifikatzeko orduan, baina beharra dagoenean ordezkoak kontratatuko dutela adierazi du Unzillak: «Horretarako aurrekontua badaukagu».

Lakuaren murrizketak aplikatzera, ordea, ez dago derrigortuta. Adibidez, EHUk ez du hartuko Jaurlaritzako funtzionarioen artean eztabaida handia sortutako neurri bat, hau da, lanera joaten ez direnak kontrolatzea, eta, beraz, aldi batean lan egiteko gai ez diren langileek soldataren osagarri guztia jasotzen segituko dute, «gastu horri aurre egiteko gaitasuna dugulako». Aldiz, Gasteizek gomendatu duen bezala, erretiro aurreratuen saria ordaintzeari utziko dio unibertsitateak, hiru milioi euro aurrezteko. Gradu berrietara egokitzeko eta ikasketak gaztelaniaz zein euskaraz eskaintzeko, irakasle eta ikertzaile berriak kontratatzeko estrategiaren barruan sustatu ditu sariok EHUk, 2010etik.

Gai horrek eragin du iskanbila handiena, sindikatuek ez baitute ulertzen zergatik hartuko duen EHUk neurri hori, behartuta ez baldin badago; Jaurlaritzaren esanetara egotea leporatu diote errektoreari. Unzillak onartu du gobernuaren neurriek «baldintzatu» egiten dutela unibertsitatearen ildoa: «Ezin dugu gainerako instituzioak egiten ari direnaren aurka agertu». Baina argitu du ondo aztertu dituztela aukerak: «Gogoeta egin dugu: ezin dugunez dena egin, zeri ken diezaiokegu? Lehentasunak jarri behar dira».

Aurtengo 432,9 milioi euroko aurrekontua du EHUk, iaz baino hamabi milioi gutxiago (%2,8). Jaurlaritzak aurreikusitakoa baino hamazazpi milioi gutxiago eman dizkio, «baina murrizketa horren eragin erreala ez da hain handia izan». Dena den, murrizketa orokorrak ere egin dituzte: «Gutxienez %5 kendu dugu, ahal izan dugun partida guztietan, baina gehienak txikiak dira, partida handienak gastu pertsonalei dagozkielako, eta lan baldintzak ez ditugulako aldatu nahi izan».

Sindikatuak, ordea, ez daude ados. Goirizelaiaren ildotik urrunen dagoen sindikatua mintzatu da gogorren: UGT. Baliabideak «xahutzea» egotzi dio errektoreari, unibertsitatean 650 kargu akademiko daudela argudiatuta. Unzillak erantzun du kargu horiek askotarikoak direla, departamentuetako idazkarietatik errektoreordeetara, eta beharrezkoak direla funtzionatzeko, «baina aztertzen ari gara egitura hori egokia den ala murritz daitekeen».

Ezohiko klaustroa eskatu dute

Aurrekontuak hilaren 23an onartzea espero dute. Beraz, aurretik ezohiko klaustro bat egiteko eskatu diote sindikatuek errektoretzari, eztabaidatzeko. Talde bakoitzak hartuko duen jarrera argitzeko dago, CCOO, LAB, EILAS eta ELA ez daudelako ados UGTrekin. Unibertsitatea «murrizketen diskurtsoan sartu» dela ohartarazi du LABek, baina onartu du EHUk hartutako neurrien aurkako borroka «zabalagoa» dela: «EHU ez da irla bat, eta gure arazoa konpontzeko ez da nahikoa unibertsitate barruan borrokatzea. Beste sektoreekin jardun behar dugu». Sindikatu abertzaleek protestak hasiak dituzte: gaur murrizketen aurkako elkarretaratzeak egingo dituzte hiru campusetan, eta etzi, lau orduko lanuztea, gainerako langile publikoekin. Aurrerantzean elkarrekin antolatzea aztertzen ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.