Elikadura dKontsumo eredu alternatiboak

Muturrak elkartzen dituen saskia

Kontsumo taldeak, kooperatibak, elkarteak, ibilbide laburrak... Kontsumitzaileak eta ekoizleak gerturatu, eta horien arteko mugak lausotu dituzten dozenaka egitasmo sortu dira azken urteotan Euskal Herrian.

Jon Rejado.
Gasteiz
2011ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Ekoizleak eta kontsumitzaileak, kontsumo katearen bi muturrak, elkarrengandik urrundu egin dira azken urteetan. Muturren artean txertatutako katebegiek gaur egungo kontsumo eredua ekarri dute, non urteko edozein sasoitan edozein jaki eskura baitaitekeen, munduko edozein tokitik ekarrita. Dena den, erdiko katebegiak kendu eta muturrak elkartzeko ekimenak gero eta gehiago dira azken urteetan.

Kontsumo taldeak, kontsumo kooperatibak, kontsumitzaile elkarteak, ibilbide laburrak... Hamaika dira Euskal Herrian azken bi hamarkadetan abiarazitako ekimenak, eta, elkarren artean aldeak dauden arren, guztiek ardatz beraren inguruan sortu dira: tokiko ekoizpena lehenetsi, garaian garaiko jakiak bilatu, kontsumitzaile eta ekoizleen arteko harremana sustatu eta justizia soziala landu, bai iparraldeko kontsumo ereduek hegoaldean duten eraginean, bai baserritarrenlanaren garrantzian.

Garapenerako hezkuntza, lankidetza eta ekologismoaren aldeko elkarte eta mugimenduak izan ziren kontsumo eredu horren aldeko pausoak eman zituzten lehenak. Ezarritako kontsumo ereduari muzin egin, eta kontsumitzaile moduan zuten ardura eta erantzukizuna erabiltzeari ekin zioten. «Hemen edozein egunetan marrubiak jan ahal izateko, beste nonbait haien lurrak bideratu behar dituzte gure nahiak asetzeko, eta haien beharrei uko egiten diete», azaldu du Alberto Cereijok, SETEM Hego Haizeako zuzendariak.

Urteetan kontsumo mota hori «militantziari» esker bultzatu zen, kontsumitzaileen ekimenez sortutako egitasmoak bezala. Alegia, kontsumitzaile talde bat elkartu, eta hornitzaileak bilatzen zituzten inguruan. Ordea, azken urteetan zenbait ekoizlek kontzientzia hartu, eta beste merkatu mota baten alde lan egiteko ekimenak abiarazi dituzte.

Nekasarea, aitzindari

Ekoizpen eta eredu ekonomikoei buruzko eztabaida teorikoa hasi zuen EHNE Bizkaiak duela zortzi bat urte. «Eredu ekonomiko arruntean modurik garbienean ekoitzitako jakiak elite batentzat baino ez ziren», nabarmendu du Iñaki Urkijo EHNE Bizkaiko eta Nekasareako kideak. Gobernuz kanpoko erakundeen laguntza ere izan zutela gaineratu du Urkijok. «Euskal Herriko hainbat erakundek guretzat nahiko genukeen eredua lantzen ari ziren herri pobretu batzuetan».

Egitasmoaren oinarriak ezarrita —tokiko produkzioa lehenetsi, garaian garaiko jakiak bilatu, justizia soziala...—, kontsumitzaile bila hasi ziren hitzaldi eta bileren bitartez. Aiaraldean (Araba) sortu zen lehen taldea, eta, urte baten buruan bideragarria zela ikustean, eremua zabaldu zuten. Gaur egun 500 familia inguru daude Nekasarea egitasmoaren barruan, eta hemendik gutxira 550-600 inguru egongo direla aurreratu du Urkijok. Hogei baserri baino gehiagok ekoizpen guztia bideratzen dute kontsumo talde horiek hornitzera, eta beste 40 baserri gehiagok ekoizpenaren zati bat horretara bideratzen dute.

Funtzionatzeko modua erraza da. Kontsumitzaileen eta baserritarren artean akordio bat lortzen da; baserritarrak barazkiak ekoizten ditu —arrautzak, ogia, okela eta beste ere izan daitezke— , eta kontsumo taldeko familien artean banatzen du maiztasun finko batekin. Hilean kuota bera ordaintzen du kontsumitzaileak saskiaren truke, eta, horrekin batera, produktuarekin duen ardura ere onartzen du. «Ez dago ekoizle eta kontsumitzailerik, herritarrak baizik; alde batean egiten den lanak bestean eragiten du».

Partekatutako erantzukizuna

Erantzukizun partekatu hori da Nekasarearen zein beste hainbat egitasmoren ardatz nagusietako bat. Erantzukizun hori modu askotan islatzen da. Auzolanak garrantzi handia du kontsumo katearen bi aldeak elkartzeko orduan,eta gero etxean jasoko dituzten jakien atzean dagoen lana azalarazten laguntzen du. Horrez gain, otarrea jasotzen dutenek ekoizpenarekin duten ardura beste modu batean berresten dute. Izotzaldi edo bestelako ezbehar batek uzta hondatzen badu, bi aldeen artean banatzen da horren kostua.

Uztaro kooperatiba Gipuzkoan 2005. urtetik abian den egitasmoa da, eta auzolanaren adibide argia da. Bost herritako kideak daude kooperatiba barruan, eta astero herri batek egiten du gero gainontzeko kideen artean banatuko den horren bilketa, alegia. «Egitasmo agroekologiko eta autogestionatu batean inplikatzea dakar Uztaron parte hartzea», azaldu du Jokin Agirrezabalaga Uztaroko kideak. «Ordaindu eta otarrea jasotzea baino harago doa».

Uztaro kooperatibaren lana duela hainbat urte hasi zen, baina bestelako kontsumo talde batzuk sortu dira Gipuzkoan azken hilabeteetan. Dagoeneko 300 familia baino gehiagok jasotzen dituzte barazkiak kontsumo taldeen bitartez, eta oraindik ere hornitzailerik lortu ez duten beste hainbat daude Gipuzkoan.

Kontsumo taldeek ekartzen duten konpromisoak baserrietan ekoizpen ekologikoa aurrera eramateko aukera eman duela nabarmendu du Urkijok. Teoriaren arabera nekazaritza ekologikoa eredurik egokiena izan arren praktikan hori frogatu dela azaldu du. «Ekoizpen horretarako bide egoki bat badagoela ikusi dugu, plangintza baten gainean, konpromiso baten gainean eta bidezko prezio baten gainean».

Nafarroan ere mota horretako ekimenak sustatu dituzte azkenaldian. Besteak beste, EHNEk ekimen bat abiarazi zuen Estellerrian, hango kontsumitzaile eta ekoizleekin hitz eginez eta aurretik aipatutako ardatzetan oinarrituta. «Lehen sektorea baloratzeko duin bihurtu behar du gizarteak eta sektoreak berak, eta egitasmo honek hori lortzen du», nabarmendu du Rebeca Germanek, Estellerriko egitasmoa garatu duen EHNEko teknikarietako batek.

Sindikatuetatik aparte bestelako ekimenak ere sortu izan dira Euskal Herrian. Karrakela egitasmoak kontsumo talde moduan lan egiteaz gain, web orri baten bitartez produktu sorta zabala eskaintzen du, kontsumo taldeetako kideentzat zein bestelako kontsumitzaileentzat. Iguzkitzako Bittor eta Gillen Abrego anaien ekimena izan zen hasiera batean, ekoizten zuten haragia «modu duin batean» merkaturatzeko. Ordea, behin web orria eginda, inguruko ekoizleengana jo zuten egitasmoaren berri emateko. «Ez zuen zentzurik egitasmoa gu bakarrik hasteak», gogorarazi du Gillen Abregok.

Gertuko merkaturatzea zabaltzeko ahalegina egin behar dela uste du Iguzkitzako abeltzainak, bai kontsumitzaile gehiagorengana heltzeko, bai ekoizleei aukera hori emateko. «Banaketa zuzena egiteko aukera izan beharko lukete ekoizleek, eta kontsumitzaileei erraztu behar zaie produktu horietara heltzea».

Ildo hori jorratu duen beste egitasmo bat dago Araban, baina beste ikuspuntu batetik landua. UAGA Arabako nekazari eta abeltzainen sindikatuak Uagalur ekimena hasi zuen 2008ko abenduan; denda bat da, non ekoizleak kontsumitzaileari bere produktua saltzen dion bitartekaririk gabe. «Produktu jakinak nahi zituzten kontsumitzaileak etortzen ziren gugana, eta, aldi berean, salerosketa beste eredu bat nahi zuten kideak zeuden sindikatuan», gogorarazi du Yolanda Urartek, UAGAko kide eta sindikatuko presidenteak, ekimena abiarazi zutenean.

Kontsumo talde moduan antolatzea aztertu zuten arren, proposamenak ez zuen aurrera egin. Kontsumitzaileek askatasun handiagoa nahi zuten jakiak aukeratzeko, eta ekoizleek ez zuten argi ikusten ekoizpen mota aldatzea. «Barazkiak dira kontsumo taldeen oinarria, baina bertan sartu nahi zuten ekoizleek ez zuten hori lantzen, ez delako Arabako ohiko laborea». Hori ikusita, dendaren alde egin zuten, baina kontsumo taldeen bestelako ezaugarriei eutsiz: tokiko eta garaian garaiko produktuak, justizia soziala eta kontsumo katearen bi muturrak elkartu.

Auzolanaren moduko ekimenik ez dagoen arren, kontsumo katearen bi muturren arteko harremana sustatzen du Uagalurrek. Larunbatero ekoizle bat joan ohi da dendara, eta kontsumitzaileen zalantzak argitzen ditu. Horrez gain, dendako hornitzaileen liburuxka bat dago, horiekin harremanetan jartzeko. «Argi genuen Uagalur ez zela ohiko denda bat izan; kontsumitzaile eta ekoizleen artean lotura indartu behar zen».

Urteetako sustraia

Beste kontsumo eredu baten alde lan egiten duten pertsonen ekimenak ez dira berriak Euskal Herrian. Araban, 1993. urtean Bio Alai elkartea sortu zuten, Arabako elikagai naturalen kontsumitzailea. Irabazi asmorik gabeko elkarte horrek inguruko nekazari eta abeltzainengana jo zuen elikagai ekologikoen bila, eta horiek dira nagusiki Gasteizko denda hornitzen dutenak; urrutiagoko produktu ekologikoak ere eskaintzen dituzte.

2009. urtean 700 familia ziren bertako bazkide; 2.000 pertsona inguru. Arabako egitasmo hori ez da bakarra izan, ordea. Landare elkartea —Nafarroan—, Bizigai, Marisatsa, Lur Gozo eta Amaren elkarteak —Bizkaian—eta Gipuzkoako Otarra elkarteak jaki ekologikoen kontsumoa sustatu, eta kontsumoaren katearen bi muturrak elkartzeko lan egin dute.

Lan egiteko modu bertsua dute elkarte horiek guztiek. Hala, irrika bertsuak partekatzen zituzten kontsumitzaileen ekimenez sortu ziren, merkatuak ezartzen zuenaren kontra kontsumoaren katearen bi muturrak elkartzeko asmoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.