Muturreko neurriak berehala kentzeko eskatu du EPPK-k

Espainiako eta Frantziako gobernuen jarrera «etsigarria» ez baizik «salagarria» dela uste du preso politikoen kolektiboakEspainiarekiko mendekotasun ekonomiko eta politikoa egotzi dio EPPK-k EAJri

Herrira mugimenduko kideak, atzo, Nafarroako banketxeen aurrean, presoen senitartekoak erreskatatzeko eskatzen. BERRIA.
Oihana Elduaien Uranga.
2012ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Espainiako eta Frantziako gobernuen jarrera ez da «etsigarria», EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren irudiko, baina bai «salagarria». «Interes eta xede politiko makurrak gidaturik» ari direla uste du, eta, ondorioz, «urratsetan sakondu» beharrean «arazoa luzatzen» aritzea egotzi die bi gobernu horiei, BERRIAra igorritako ohar batean.

Baina EPPK-k argi du «gehiago atzeratu gabe muturreko egoerak kentzeko» unea dela. Zehazki, salbuespen legeak indargabetzea, sakabanaketa amaitzea eta presoak Euskal Herrira ekartzea da bi gobernuek egin behar dutena, EPPKren irudiko. Hala ere, hori egiteko gobernuek «baldintza politiko berriak» jarriko dituztela uste dute EPPKren barruan dauden presoek. Horregatik, presoen auzia konpontzeko erronkari eusteko eskatu diote euskal gizarteari. «Konponbidea guztion onerako baita», esan dute.

Ekainaren 2an EPPK-k berak jakinarazitako adierazpenari alderdi politikoek emandako erantzunei buruzko iritzia eman du EPPK-k oharrean. Eztabaidaren ondorioen berri eman zuen ekainaren 2an.

Gatazka politikoa gainditzen laguntzeko urrats berriak egiteko prest agertu zen, eta ohartarazi zuen aterabideak amnistiarekin eta autodeterminazioarekin lotura izan behar zuela. Horretaz gain, ETAk jarduera armatua amaitzeko hartutako erabakiari «errespetua eta babes osoa» azaldu zion EPPK-k, eta «alde anitzetako minaz» jabetzen dela gaineratu zuen, «erantzukizun osoz». Era berean, atxikimendua berretsi zion Gernikako Akordioari, eta Aieteko Adierazpena bide orri egokitzat jo zuen.

EPPKren adierazpenari garrantzia kendu zioten Espainiako Gobernuak, EAJk, PSE-EEk eta PPk. Kolektiboak dio ulergarria dela hori «euskal presoak suntsitu beste asmorik» ez dutenen aldetik. Nolanahi ere, EPPKri bereziki kezkagarria iruditu zaio EAJren jarrera. Iñigo Urkulluk esan zuen EPPKren adierazpena «antzezpen» bat izan zela eta «hautesleen aurrean biktima gisa agertzeko» helburua zuela. Kolektiboak gogora ekarri du EAJk «erantzukizun zuzena» duela sakabanaketan, eta honako hau gaineratu du: «EAJren morrontza ekonomiko, politiko eta ideologikoak Espainiaren hondamendirako bidea soilik dakar».

Beraz, mobilizatu egin behar dela uste dute presoek, eta haiek ere halaxe egingo dutela jakinarazi dute. Espetxe bakoitzeko «dinamika iraunkorrekin» jarraituko dute, hileroko azken ostiraletan «aldarrikapen eta mugimenduak» egiten segituz.

Bestalde, Nafarroako Konkistaren V. mendeurrena salatzeko gaur Iruñean egingo den mobilizazioan parte hartzeko deia ere egin dute EPPK-ko presoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.