ERREPIDEAK

N-121-A errepidean kamioientzako bidesaria jarriko dute

Nafarroako Gobernuak garraiolariei jakinarazi die neurria. Errepide horretan izandako ezbeharrek ezinegon handia eragin dute, eta gobernuaren helburua da kamioien kopurua jaistea.

N-121-A errepidea. IñIGO URIZ, FOKU
Garikoitz Goikoetxea.
2020ko martxoaren 11
12:16
Entzun

Ezbeharrak eta hildakoak pilatzen ari dira N-121-A errepidean, Iruñea eta Irun artean, eta, inguruko herrien eskariari erantzunez, neurri irmoak hartzen hasi da Nafarroako Gobernua: iragarri du kamioientzako bidesari bat jarriko duela. Neurri horren bidez, kamioilariek bide hori saihestea dute helburu, beste errepide batzuetatik egitea Nafarroa eta Gipuzkoa arteko bidea. A-15 autobidea da aukera bat.

Gobernuko ordezkariek bilera bat izan dute garraiolari elkarteekin, eta bertan eman diete erabakiaren berri. Batetik, bide segurtasunarekin lotutako erabakia da, ezbehar kopuru handia baitu errepide horrek; bestetik, gobernuak nabarmendu du bidesariak jartzearen ildoa bultzatzen ari dela Europako Batasuna. Inguruko udalek egina zuten kamioien zirkulazioa mugatzeko eskaera.

Ez da gobernuak N-121-A errepidean hartuko duen neurri bakarra. Besteak beste, erabaki du aurreratzeak mugatu egingo dituela, leku gutxiagotan aurreratu ahalko direla gainerako ibilgailuak. Kontrola ere areagotuko dute: Espainiako Trafiko Zuzendaritzari eskatu diote jar ditzala radar gehiago errepide horretan, eta Nafarroako Foruzaingoak kontrol gehiago egingo ditu. Errepidean bertan ere hobekuntzak egingo dituzte, leku batzuetan asfaltoa aldatuta.

N-121-A errepiderako asmo handiagoak ere agertu ditu gobernuak: errepide osoa 2+1 motakoa izatea nahi du. Alegia, norabide bakoitzean bide bat izango lukete, eta tarteka, bi. Horrek modua jarriko luke aurreratzeak egiteko aurkako norabideko errailean sartu gabe. Gobernuaren esanetan, horrekin nabarmen gutxituko litzateke ezbehar kopurua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.