«Proposamena beste eragile politiko bat eratzea bada, Aralarrek ez du onartuko, hori Nafarroa Bai haustea litzatekeelako». Ezker abertzaleak igandean egin zuen Nafarroa 21 proposamenaren formulazioa soilik aintzat hartuta, «eta a posteriori izan diren mugimendu eta zehaztapenak kontuan hartu gabe», Aralarrek ezezkoa eman du. Horrek ez du esan nahi Aralarrek elkarrizketarako atea itxi duenik. Izan ere, atzo Iruñean emandako prentsaurrekoan, Txentxo Jimenez Aralarreko Nafarroako koordinatzaileak «positibotzat» jo du eskaintza, eta «elkargune iraunkor bat topatzeko borondatearekin» egina dela espero du. Alabaina, ezinbestekotzat jo du errealitatetik abiatzea eta onartzea NaBai dela Nafarroan «aldaketa politikorako eragile bakarra».
Aralar prest azaldu da «Batasunarekin elkarlana egiten ahalegintzeko eta NaBaira egin dezakeen hurbiltzea areagotzeko». Gogorarazi du koalizioa «proiektu irekia» dela aldaketa politikoaren alde lan egin nahi duen ororentzat: «Koalizioan sartzeko ezin da eskatu, eta ez dugu eskatuko exijentzia gehigarririk, baina, era berean, ezin da eskatu tratamendu berezirik». Aralarrek betekizun bakarra jarri du: «NaBaiko oinarri politikoak, programatikoak eta antolamenduzkoak onartzea».
Lau egun iragan dira ezker abertzaleak EAri eta Aralarri hurrengo hauteskundeetarako«subjektu bateratua osatzeko» proposamena helarazi zienetik. EAk biharamunean erantzun zuen, eta, ikusmin handiaren erdian, Aralarrek atzo. Aurretik, hala Hegoaldeko nola Nafarroako zuzendaritzek bilera bana izan zuten proposamena aztertzeko. Prentsaurrekoa Jimenezek, Aritz Romeo Iruñeko zinegotziak eta Asun Fernandez de Garaialde parlamentariak eman zuten.
Txentxo Jimenezen arabera, legealdi honetan Aralarren jardun politikoak bi ardatz izan ditu: batetik, 2011ko hauteskundeak bitarte aldaketa politikoa lortzea «lehentasunezko ardatza» da, eta, bestetik, hori lortu behar duen eragile politikoa Nafarroa Bai da. Jimenezen ustez, iragan astean kaleratutako Navarrometro inkestak egiaztatu ahal izan du hiru nafarretik bi aldaketaren alde daudela, eta NaBai «sendotutako» proiektua dela. Horregatik, NaBairen aldeko apustuak «bere hartan» jarraitzen duela azaldu du. «Azken gertaerak aintzat hartuta, ez da ezer aldatu».
Herenegun, Pello Urizarrek azaldu zuen ezker abertzalea koalizioan sartu ahal izateko «ETAk 'amaitu da' esan» beharko lukeela eta ezker abertzaleak hauteskundeetan aurkezteko aukera izan beharko lukeela. Horri buruz galdetuta, Jimenezen arabera, «Batasunak eskatuko balu NaBain sartzea eta onartuko balitu hiru alderdiok onartutako oinarri politikoak», ez legoke arazorik. «Oinarri politikoak dira helburu politikoko indarkeriaren erabilera erabat arbuiatzea, edozein ekintza armatu gaitzestea, ETAri borroka armatua behin betiko eteteko eskatzea eta biktimak aitortzea. Ez dago estatuko alderdi edo epailerik galaraziko duenik Batasuna duen NaBai bat legezkoa izatea», arrazoitu du.
Haren ustez, horretan datza eztabaidaren gakoa. «Gauza ez da Batasunak NaBain sartzeaeskatzea edo ez -hori eurei dagokie-, gauza da NaBaik bikain zaintzen duela oinarri politikoen edukia, erabakigarriak baitira normalizaziorako eta bakegintzarako. Horretan aurrera egitea jauzi kualitatibo bat ematea da».
Labriten ez da egongo Aralar
Igandean, 12:00etan, Gernikako akordioaren aurkezpen ofiziala egingo dute Nafarroan; Iruñeko Labrit frontoian, hain zuzen. Akordioaren sinatzailea bada ere, Aralarrek iragarri du ez dela joango. «Dramatismoa kendu nahi diot gertaera horri». Ekitaldia erabat errespetagarria dela deritzo Jimenezek. Dena den, Aralar ez da bertan egongo «gizarteak nahastu egin ditzakeelako Gernikako akordioa eta joko politikoaren barnean une honetan egiten diren proposamenak».
NaBai aldaketarako eragile politiko bakarra dela erantzun du Aralarrek
Ezker abertzalearen proposamena «beste eragile bat» sortzea bada, ez duela onartuko dio, «hori NaBai haustea litzatekeelako»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu