Xanti Kiroga. Ezker abertzaleko kidea

«NaBairekin ez dugu nahi lehiatu; argi dugu nortzuk diren arerio politikoak»

«Denborak erakutsiko du». Kirogak irmo defenditzen du ezker abertzalearen borondate ona, eta ukatu egin du elkarlanerako proposamenak Nafarroa Bai haustea helburu duela.

joxerra senar
Iruñea
2010eko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Inondik ere ezker abertzaleak igandean aurkeztutako Nafarroa XXI proposamenak hautsak harrotu ditu, eta gaur egun zaila da foru eta udal hauteskundeetara arte zer gertatuko den irudikatzea. Hala ere, Xanti Kiroga (Iruñea, 1969) baikor dago; haren ustez, garrantzitsuena elkarlanaren aldeko norabidea ezartzea baita, eta funtsezkotzat jotzen du iraganera begiratzeari uztea eta azken urteetan sortutako zauriak sendatzea. Haren ustez, Nafarroan elkarlanak, prozesuaren aldeko atxikimendua bildu ez ezik, luzera begira aldaketa bultzatzeko oinarriak jarriko lituzke. Elkarlana bozetan ere islatu beharko litzatekeela deritzo. Irmo defendatzen du euren borondate ona. «Denborak erakutsiko du».

Zergatik egin duzue orain Nafarroa XXI proposamena?

Orain egin ahal da, eta aukera onak daude. Batetik, eskuina zatitua dago; PSN oso ahulduta dago, eta UPNren menpekotasuna du; eta, azken urteetan ez bezala, ilusio handia sortu da.

EAri eta Aralarri helarazi diozue proposamena. Erantzunen arabera, bakoitza erretratatzea bilatu duzue?

Nahiko irakurketa interesatua da. Une politiko honetan, aukerak badaude elkarlan sendo baterako, eta hori egin nahi dugu. Ez da zerbait inprobisatua. Ez du bigarren helbururik. Helburua da elkarrekin joatea hiru mailatan: plano politikoan, egunerokotasunean eta hauteskundeetan.

Aralarrek erantzun du aldaketarako eragile bakarra NaBai dela, eta haren oinarriak onartu behar dituzuela, baina hitz egiteko prest da.

Argitu egin behar du, gauza kontraesankorrak esaten dituelako. NaBai proiektu irekia dela eta osatu daitekeela diote, baina ematen du onartzen dituela aldez aurretik EAJk jarritako baldintzak. Aralarrek dio NaBai apurtu nahi ez dutelako ezezkoa ematen dutela. Ezker abertzaleari ezezkoa eman nahi badiozu, eman ezezkoa, baina ez esan NaBai apurtzen dugulako dela. Hala ere, jarrera irekia du, eta hitz egiteko prest dago. Hitz egin dezagun edukiez.

Zer edukiren gainean?

Inportantena ez da hauteskunde marka, baizik eta zeren gainean egiten den eskaintza. Gatazka konpontze aldera egin behar da Gernikako Akordioaren bidez, eta, gainera, ikusten dugu ezkerreko soslai argia izan behar duela, ikusita zer gertatzen den pentsioekin, soldatekin eta lan arloko eskubide murrizketekin. Nafarroan gaude, eta Nafarroako berezitasunak kontuan hartu behar dira, baina era berean Euskal Herrian proposatuta. Nafarroa da subjektu eta protagonista Euskal Herriaren aldaketarako. Ipar Euskal Herrian ABk, EAk eta Batasunak egin dutena oso txukun ikusten dugu, Ipar Euskal Herrian egina delako baina Euskal Herri osorako proiekzioa duelako.

Betorik ez duzuela jartzen diozue, baina EAJ kanpoan uzten duzue. NaBai haustea bilatzen duzue?

Guk ez dugu ez zuzenean, ez ondorioz Nafarroa Bai apurtzeko borondaterik. Ez da gure lehentasuna. Hori argi eta garbi. Nori zuzendu diogu gonbidapena? Aldaketa politiko eta sozialakezkerreko kolorea du. Gehiengoaren aldeko proposamen horretan ikusi behar da gaur egungo Iñigo Urkulluren EAJk zer politika egiten duen: PSOErekin aurrekontuak, bankuei emandako laguntzak, lan erreforma babestea... Beste politika batzuk egiteko prest badaude, ez dugu baztertzen. Gernikako Akordioa da gatazka konpontzeko oinarri demokratikoa; uneotan, Euskal Herrian, gehiengoak onartzen du, eta EAJk ez du sinatu nahi izan. Horregatik, aldekoak diren alderdiengana jo dugu. Aralarren gertatzen den bezala, EAJren oinarriek elkarrekin aurrera egiteko nahia azaltzen dute, eta zuzendaritzak ezetz esaten du, zuzen edo zeharka.

Gaizki ulertu al da proposamena?

Kontua ez da gaizki ulertu dela, baizik eta desitxuratu egin dela. Igande arratsaldean komunikabide gehienen laburpenek ziotenelkarlan bat proposatzen dugula. Hurrengo egunean, komunikabide batek jarri zuen NaBai hausteaproposatzen genuela. NaBain daudenak, NaBain ez daudenak, NaBain zeudenak eta gaur egun ez daudenak... Horiek guztiak tokia dute. Baina 2011n gaude, eta ez 2007an. Aintzat hartu behar dira lan eta arlo sozioekonomikoa eta batez ere arlo politikoa. Prozesu politikoa abian dago. Jendearen itxaropena desberdina da. PSNren alternatibaren aukerarik jada ez dago. Baldintza asko aldatu dira, eta berriz pentsatu behar dugu zer eskaintza egin guztion artean hori bideratzeko.

Jarrera irekia da, beraz.

Bai, eta ondorioa izan daitekeNaBai izatea, gehiengoak hala nahi badu. Gure ustez, ezin da aldez aurretik baldintza gisa hori planteatu. EAJk egin du, eta independente batzuek ere bai: «NaBai da hori, eta, horiek sartzen badira, gu kanpora». Hori da munduko betorik handiena. Haiek al dute erabaki osoa? Ez zait zuzena iruditzen. Nire ustez, gutxiengo batek ez du nahi elkarlana, eta gehiengoa garenok egin dezagun ahal dugun guztia hori bideratzeko. Ez dugu Aralarrekin etaNaBairekin lehiatu nahi. Ematen du ez gaituztela sinesten, baina egia da. Argi dugu zeintzuk diren arerio politikoak.

Argi dago, Nafarroako iragan hurbila ikusita, oinarrien artean zauriak daudela... Nola gainditu daitezke?

Horiek gainditzea da gakoa. Gure proposamena ez da inprobisatua. Etxeko lan asko egin ditugu. Ezin dugu jarraitu tripekin pentsatzen. Buruarekin pentsatu behar dugu. Hitzaldi batean Txentxori [Jimenezi] aipatu nion hemen garrantzitsuena ez dela bion arteko harremana; inportantena da gure bi oinarriek zenbateraino ikusten duten komenigarria elkarlana. Hori ezinbestekoa da. Elkarren artean konfiantza hobetzen dugun heinean, baldintzak hobeagoak izanen dira. Orain ixten badugu zerbait hemendik sei hilabete barru gertatuko dena agian oztopo ikaragarria da. Jendeak esaten digu: «Ados jarri ordez, batek besteari egin ziona elkarri leporatzen ari zarete». Hori betiko gainditu nahi dut. Edo, gutxienez, egungo baldintzatan, ezin dugu horretan azpimarra jarri. Politikoki zuzena da, baina denborak erakutsiko du apustua zenbateraino zintzoa den edo ez. Ez dut uste inork esan dezakeenik ezker abertzalekook tranpati eta gezurtiak garela. Hori da jar dezakegun bermea. Honaino iristea kostatu zaigu; aprobetxa dezagun ba.

Eta akordiorik izango ez balitz, oztopo bat litzateke?

Gerta daiteke, bai, baina egin dezagun ahal den guztia hori ez gertatzeko.

Patxi Zabaletak proposatu zuen elkarrizketa batean eraginkorrago zela NaBai eta ezker abertzalea bananduta joatea, elkarrekin joatea baino. Kasu horretan, egin liteke elkarri ez erasotzeko itunik?

Ez diogu etekinik ikusten. Batzen gaituena askoz ere gehiago izanik, norbera bere kabuz joateko bereizketa azpimarratu behar delako. Helburu desberdinak ez baditugu, zergatik goaz bereizita? Arazoak konpontzen hastea gure eskuetan dago: Patxiren eskuetan, nire eskuetan eta beste batzuen eskuetan. Diote ahuldadetik eta ordezkaririk ez dugulako proposatzen dugula elkarlana, baina, gure kabuz joanda, sekulako emaitzak lortuko genituzke. Hala ere, hori ez da herri honek behar duena. Helburu berak lortzeko bereizita bagoaz, jendeak hautatu egin beharko du, eta jende askok ez du hautatu nahiko bataren eta bestearen artean. Elkarrekin joanda, berriz, ilusio handiagoa izango da, eta argi ikusiko da nor dagoen gatazka konpontzearen alde eta nor kontra. Arerio politikoa eskuin muturra da, eta PSN.

Hori dena posible izateko,ETAk pauso bat eman behar du, eta su-eten behin betiko, alde bakarreko eta egiaztagarri bat iragarri.

Irailean esan zuen horri buruz hitz egiteko prest dagoela, baita hortik harago joateko ere. Ez dut zalantzarik gertatuko dela. Noiz eta nola? Ez dakit. Logika horretan, urrats gehiago etorriko direla uste dut.

ETAk pauso hori ematen badu, erraztuko al du elkarlana?

Batzuek ikusten dizkioten mesfidantzak gaindituko dira. Alde horretan lagunduko du. Orain arte egin duenak ere lagundu egin du gauden tokian egoteko. Oso eraginkorra da, eta logika horretan sartzen da goitik behera.

ETAk pauso hori ematen badu, hauteskundeetan egon ahalko zarete?

Bai, uste dut baietz.

Eta, egoterik ez bazenute, zer ekarriko luke Gernikako Akordioak?

Guztion presentzia instituzioetan Rubalcabaren eskuetan bakarrik ez egotea, eta hori erabiltzea prozesuaren mesederako.

Nafarroan, hurrengo legealdian zertan aldatuko da egoera?

Nahiko baikorra naiz. Ez zait erreala iruditzen orain sortzen ari den indar hori guztia gobernuan egotea. Oso zaila da. Baina, gauzak ondo eginez gero, oinarri sendoak jarriko dira hurrengo urratsak egin ahal izateko. Boto kopuruari dagokionez, oso baikorra naiz, atxikimendu bat lor daitekeelako, eta aipatze hutsarekin oso urduri jarri ditu UPN, CDN eta PP. Beharbada pentsatuta zutena berriz pentsatu beharko dute. Eta oso urduri ikusten dut PSN ere.

NaBairen ahulgunea da, 2007an ez bezala, aukerarik ez izatea PSNrekin gobernu itun bat egiteko. Elkarrekin joanda, are gutxiago.

PSNren zuzendaritzatik ez dut ezer espero. Badakite UPNri jana ematen dioten neurrian, desagertzen ari direla. Badago aukera horri eragiteko, eta aldaketa hori PSOEk egin behar du, eta PSOEk, aldatzeko, denbora behar du. Logikoa da. Hauteskundeetan, UPNk eta PPk elkarrekin dutena mantenduko dute, baina zatikatzen dena ahuldu egiten da. Beste erpin horretan, indartsu atera gaitezke. Eta hirugarren erpina ahulduta dago. UPNrekin duen menpekotasunak ez die emaitzarik emango. UPNrengana gehiago hurbilduere ezin dute. Pentsatzen dut Madrildik ere esango dutela Nafarroa estatu auzia dela.

Gernikako Akordioaren aldeko ekitaldi bat dago gaur Labriten. Zer egingo duzue?

Ideia da ea posible den herritar xumeek bozgorailu bilakatzea. Bukatu da gatazka konpontzeko eta prozesua abian jartzeko gora begira egotearena: pozik egonez gero txalotu eta haserretuz gero hankekin jo. Edo bihurtzen ditugu herritarrak protagonista eta egin behar dutenaren eragile aktibo, edo ez dago ezer egiterik.

Gernikako Akordioak potentzial handia duela diozuenean, zertaz ari zarete?

Oso blindatuta dago. Oso borobila da, eta, irakurriz gero, ahulgune oso gutxi ditu. Zer falta da borobila izateko? Norbaitek esan du ondo dagoela, baina ez duela sinatuko oraingoz. Hala ere, azkenean edukiarekin ados dago. Potentziala hori da, eta, hor dauden puntuak garatuta, esparru demokratiko batean egotea ekarriko du. Egungo esparruaren ahuleziak agerian geratuko dira.

Zeintzuk dira gaur egun oztopo nagusiak?

Uste dut estatuek duten jarrera dela, eta batez ere Espainiakoarena. Oraindik ez dira ohartu haientzat onuragarria dela. Blokeo egoeran eroso sentitzen dira, eta oraindik ez dute hori aldatzeko beharra. Zalantzarik gabe, denak irabazle ateratzea garrantzitsua da gatazka konpontze aldera. Une honetan pentsatzen dute jarrera tinkoari eutsita gero ondo joanen zaiela, baina jada ez da duela sei hilabeteko jarrera tinkoa. Sumatzen dut hemendik sei hilabetera ezezkoan egongo direla, baina birformulatua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.