Oposizioko talde ezkertiar guztien artean mahai bat sortzeko garaia dela iragarri du Nafarroa Baik. Horregatik, Nafarroako Gobernuak hartu dituen erabakien aurka, egitasmoak adosteko dei egin die Bildu, PSN eta Ezkerrari. Denak nahi dituzte mahaian. «Ezkerreko talde guztiak egotea eskatzen dugu, PSN barne». NaBaiko Txentxo Jimenez, Xabi Lasa eta Jose Carlos Longas kideek egin dute eskaera: «Gizarteak jarduteko eskatzen digu, eta are gehiago parlamentuan gehiengoa izanda».
Koalizioaren arabera, gobernuak hartu dituen neurri atzerakoiei buelta emateko lege ekimenak bultzatu behar dira. Argitu du oposizioaren gehiengoa ezinbestekoa dela horretarako. NaBaiko parlamentarien hitzetan, mahaia osatu ahal izateko «funtsezkoa» da PSNk egun duen jarrera aldatzea. «Politika ezberdinen alde egingo zutela esan zuten sozialistek, eta haien hitza bete dezaten behar dugu orain». Gainerako taldeak mahaia sortzeko prest agertu direla argitu du koalizioak. Nafarroako Gobernuaren erabakiak konpontzeko balio izatea espero dute.
Erabaki horien harira, bestalde, hiru lege proiektu aztertuko dituztela iragarri dute NaBaiko kideek. Funtzionarioei Eguberrietako paga berezia kendu izana konpentsatzeko izango da haietariko bat. Koalizioaren arabera, ordainsaria kentzea Madrildik inposatutako erabakia da, eta kontra egingo dio. «Legea aurrera ateratzen bada ere, borrokan jarraituko dugu», adierazi dute ordezkariek. «Lehen geneukan maniobra tartea galtzen ari gara».
Osasuna futbol taldearekin gobernuak izandako jarrera ere kritikatu dute. Taldeari 1,4 milioi euroko diru laguntza ematen jarraitzeko erabakia hartu du egunotan gobernuak, baina taldea Ogasunarekin zorretan dela gogorarazi nahi izan du NaBaik. Horregatik, legea aldatzeko beharra aipatu du. «Ezinezkoa bihurtu behar da Ogasunarekin zorra daukan talde bati diru laguntzarik ematea». Gobernuari «kiroltasunik eza» egotzi dio, eta uste du erabakiak agerian utzi duela gobernuaren «inprobisazioa». Legea guztiontzat berdina izatea nahi dute koalizioko kideek: «Ez dugu onartzen Osasunari zorra barkatzea».
Donapea proiektua
Iruñeko Donapea ikastetxeari buruz ere aritu dira. Hiriburuko udalak proiektuari ezetz esan arren, eta legebiltzarra ere aurka azaldu arren, Nafarroako Gobernuak eutsi egin dio ikastetxea Etxabakoitzera eramateko zuen asmoari. «Nagusikeria» egotzi dio UPNk gidatzen duen gobernu taldeari.
Pribatizazioaren alde egitea eta Opus Deiren mesedetan aritzea leporatu dio koalizioak, eta halakoak eragozteko lege proposamen bat aurkezteko asmoa agertu du. Udalez gaindiko sektore plan batek interes publikoa duela erabakitzeko, hemendik aurrera gobernuaren iritziaz gain legebiltzarraren hitza ere kontuan har dadin nahi dute.
NaBairen ustez, oposizioak bat egin behar luke gobernuari aurre egiteko
Funtzionarioei paga berezi bat kendu izana konpentsatzeko formula adostu nahi du koalizioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu