«Nabarmen okerrera» egin du Uribetxebarriak erabakia atzeratzen ari den bitartean

Gaur bilduko da Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoa, baldintzapeko askatasunaren aurka fiskaltzak jarririko helegitea aztertzekoHerrira-k dio «sufrimendua» baino ez dakarrela presoaren egoera luzatzeak

Hodei Iruretagoiena
2012ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Arratsaldeko bostetan bilduko daEspainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoko lehen sekzioa, Fernando Grande-Marlaska buru duena, fiskaltzak aurkeztutako helegitea aztertzeko. Josu Uribetxebarriari baldintzapeko askatasuna onartu izanaren aurkako helegitea aurkeztu zuen fiskaltzak, eta horixe aztertuko du orain Grande-Marlaska buru duen aretoak; ez, beraz, Auzitegi Nazionaleko areto nagusiak, fiskaltzak hala eskatu arren. Herrira mugimenduak jakinarazi du «nabarmen» egin duela okerrera presoaren osasun egoerak: 47 kilo baino ez da, eta ez da ohetik mugitzeko gai. Donostiako Ospitalearen azken txostenek ere hori baieztatzen dute.

Herrira-k dioenez, minbiziaren ondorioak gero eta agerikoagoak dira Uribetxebarriarengan. Mugimenduak gogorarazi du legez eta eskubidez aske behar duela Uribetxebarriak, eta salatu du egoera hori luzatzeak «sufrimendua» besterik ez dakarrela. Gaur elkarretaratzea egingo dute, 17:00etan —Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoa bilduko den ordu berea—, Donostiako Ospitalean. Gainera, larunbatean mobilizazioak izango dira gaixo larri diren eta 197/2006 doktrina ezarri dieten presoen herrietan, espetxe politika «gizagabea» salatzeko.

Abuztuaren 30ean onartu zion Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Jose Luis Castro epaileak baldintzapeko askatasuna Uribetxebarriari. Hala ere, ez zuen aske utzi, ebazpena ez zela irmoa argudiatuta. Fiskaltzak helegitea jarri zuen erabaki haren aurka, eta horixe aztertuko du orain Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoak. Bost magistratuk osatzen dute areto hori: Fernando Grande-Marlaskak, Ramon Saezek, Alfonso Guevarak —Ma- nuela Fernandez Prado ordezkatuz—, Javier Martinez Lazarok eta Nicolas Povedak. Lehen hirurak sektore kontserbadorekoak dira, eta sektore aurrerakoikoak azken biak.

Bestalde, Uribetxebarriaren osasun egoerari buruzko txosten eguneratua osatzeko eskatu zion Grande-Marlaskak Carmen Baena Auzitegi Nazionaleko auzi medikuari, presoaren heriotza arriskuaz esandakoa berresten duen ala ez jakiteko. Hasiera batean, atzoko 14:00 arteko epea eman zion Grande-Marlaskak Baena auzi medikuari bere txostena aurkezteko. Datu gehiagoren beharra argudiatuta, epe hori luzatu eta gaurko 09:00etarako aurkeztu behar du txostena auzi medikuak. Ondoren, 14:00 arteko epea izango dute fiskaltzak eta Uribetxebarriaren abokatuek alegazioak aurkezteko, eta 17:00etan bilduko dira Zigor Aretoko epaileak fiskaltzaren helegitea aztertzeko. Donostiako Ospitaleko medikuak ere atzo arratsaldean ziren Auzitegi Nazionalera bidaltzekoak Uribetxebarriaren osasun egoerari buruzko txosten eguneratua, presoaren egoeraren xehetasunak azaltzeko.

Azken txostenean, auzi medikuak esan zuen Uribetxebarria ez zegoela «hilzorian» eta espetxean jaso zezakeela minbiziari aurre egiteko tratamendua. Espetxe Zuzendaritzako idazkari nagusi Angel Yustek, aldiz, aurkakoa adierazi zuen. Auzi medikuak esandakoa eta Castro epaileak Donostiako Ospitalera egindako bisitan jasotako mediku txostenari buruz ezer jakinarazi ez izana —horrela, prozeduran babesgabe geratu zelako—argudiatu zituen fiskaltzak helegitean. Presoaren abokatuek, alegazio bidez, adierazi zuten ez dela fiskaltzak aipatzen duen gisako babesgabetasunik izan. Bestalde, legeak dionahikoa dela «gaixotasun baten ondorioz presoaren bizia arriskuan egotea» baldintzapean aske geratzeko. Presoaren abokatuek diote hori sobera frogatua dagoela mediku txosten guztietan eta, gainera, espetxeko mediku zerbitzuei —eta ez fiskaltzari— dagokiela esatea preso bat bertan arta daitekeen ala ez.

Ika-mika politikoa ere eragin du auziak PPren barnean. Herenegun Mariano Raxoi Espainiako presidenteak adierazi zuenez, «legeek ez dute nahi inor espetxean hiltzerik». Egoera horrek «nazka» ematen diola aitortu arren, gogorarazi zuen denek errespetatu behar dutela Auzitegi Nazionalak hartuko duen erabakia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.