Nafarratek Aresen dimisioa eskatu du, «gezurra dioelako»

Xuban Nafarrateren aitaren ustez, «oso larria» da sailburu batek legebiltzarra erabiltzea «gezurrak esateko»

Erredakzioa
Gasteiz
2012ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Rodolfo Ares Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak asteartean Eusko Legebiltzarrean adierazi zuen greba orokorraren egunean Xuban Nafarrate gaztearen zauri larriak «erori izanaren» ondorioa izan zirela eta ez zuela ertzainen gomazko pilotakadarik jaso. Adierazpen horiek entzunda, Joseba Nafarratek, Xubanen aitak,Aresen dimisioa eskatu du Hamaika Telebistako Bat eta Bat saioari eskainitako elkarrizketan: «Nik ez dut eskatzen Aresen dimisioa hau gertatu delako. Eskatzen dut hipokrita bat delako eta gezurra esan duelako». Joseba Nafarrateri bereziki larria iruditu zaio Eusko Legebiltzarra «gezurrak esateko erabiltzea». Horregatik, azaldu du agintari sozialista «inputatu» ere egin beharko litzatekeela, dimisioa eskatu ez ezik. «Niretzat oso larria da horrelako politikari batek parlamentua erabiltzea gezurrak esateko».

Martxoaren 29ko greba orokorrean, Xuban Nafarrate gazte gasteiztarra zainketa intentsiboetako unitatera eraman zuten, larri zaurituta. Kolpe gogorra zuen buruko ezkerraldeko hezur parietalean, belarri ondoan. Sei egun eman zituen ospitalean. Gazteak eta senideek hasieratik salatu zuten ertzainek gertutik jaurtiriko gomazko pilota baten ondorioz zauritu zela. Herrizaingo Sailak ukatu egin du.

Hala ere, Xuban Nafarrateren bertsioa egiaztatzen duten lekukoen testigantzaz gain, gazte gasteiztarrak iragan astean bi bideo aurkeztu zituen.Bideo horietan ikus daitekeenez, ertzain batengandik ihesean ari zela, kale bat gurutzatu zuen gazteak, eta handik gutxira pilotakada baten hotsa entzuten zen. Segituan, lurrera zerraldo erortzen zen.

Aldiz, Rodolfo Aresek hasieratik esan du Xuban Nafarrateren bertsioa faltsua dela. Aste honetan, Eusko Legebiltzarreko Barne Saileko batzordearen aurrean agerraldia egin du, Eusko Alkartasunak hala eskatuta. Hasierako bertsioari heldu dio, eta gaineratu du legebiltzarrean emandako azalpena barne ikerketa baten ondorioa dela.

Aresen arabera, martxoaren 29an 50 gaztez osatutako pikete informatibo baten aurrean, lau ertzain gazteak identifikatzen saiatu ziren. Haren esanetan, lau ertzainetatik bakarrak baino ez zeraman eskopeta, baina ez zuen pilotarik kargatuta. Ertzainetako bat Xuban Nafarrate harrapatzeko ahaleginean ari zela, honek Ekialde institutura korrika egin eta «lurrera erori zen». Aresen bertsioaren arabera, buruan hain kolpe larria «erorketa baten ondorioz» izan zen. Lurrean zegoenean, beregana gerturatu zen ertzainarengandik ihesi egiten saiatu zelako, polizi horrek hankan bi aldiz jo zuen, Aresen arabera. Sailburuaren esanetan, ertzainek ez zuten pilotakadarik bota. Salba batzuk jo zituzten, baina «ez zen pilotarik erabili» eta salbak «zerurantz» jo ziren.

Joseba Nafarratek «gezurra esatea» leporatu dio Herrizaingo sailburuari. Haren esanetan, larriena da Aresek Eusko Legebiltzarra erabili duela gezurra esateko eta jendeari errespeturik ez erakusteko. Nafarratek maiatzaren 9an egingo du agerraldia legebiltzarrean.

Nafarraterena gertatu eta astebetera, Bilbon, ertzainek jaurtitako pilotakada baten ondorioz Iñigo Cabacas gazte basauriarra hil zen. Kasu horretan, Aresek barkamena eskatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.