Aldarri berberak izan dituzte protesta guztietan: murrizketek kaskartu egingo dituztela zerbitzu publikoak, beharginen egoerari kalte egingo diotela eta langabezia areagotuko dutela. Ordea, mezuan ados egonda ere, banatuta egin dute protesta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: LAB eta ESK sindikatuek batetik, bi orduko lanuztea antolatuta; ELAk eta EILASek bestetik, hiriburuetan manifestazioak eginda. Sindikatuen arteko adostasunik ezak ahuldu egin du deialdia, eta protestetan nabaritu da hori. Aurrekoetan baino jende gutxiago izan da. Nafarroako erantzunaren mira izan dute manifestariek: sindikatuen batasunak arrakastara eraman ditu han protestak.
«Nafarroara begiratu besterik ez dago ikusteko nolako bultzada ematen ari diren sindikatuak denak elkarrekin jardunda. Pena da hemen lortu ez izana». Marian Ansa irakaslea LABek eta ESK-k deitutako elkarretaratzean zen atzo eguerdian Donostian, Eusko Jaurlaritzaren egoitza atarian. Batasunik eza zuten hizpide han batutakoek. Euskotreneko behargina da Oskar Bordes: «ELAren eta EILASen erabakia ez dut ulertzen. Mobilizatzeko ikaragarrizko premia dugu, hemen gaudela esatekoa. Ez dut ulertzen deialdia egin eta bertan behera lagatzea».
Hasierako asmoak aldatuta, lanuztearen ordez protesta egiteko beste ekintza batzuk antolatzea erabaki zuten ELAk eta EILASek. Hiriburuetan manifestazioak egin zituzten arratsaldean. Espainiako Gobernuaren aginduei aurre egin beharraz mintzo ziren han langileak. Saioa Zabalbeitia, zerbitzu publikoetako behargina: «Hemen gaude gobernuari erakusteko protestan jarraituko dugula euren asmoak saihesteko».
Jaurlaritzarekin ezkor
Kalera irtetearen eta bat egitearen beharra nabarmendu zuen Elena Martin Osakidetzako langileak: «Biltzea, beharrezkoa baino gehiago, nahitaezkoa da. Ez bagara kalera ateratzen, ados gaudela pentsatuko dute». Lehentasuna erakundeek ezarritako murrizketei aurre egitea da, Jon Garcia administrazioko langilearen hitzetan: «Lehenbizi, egoera hau geldiarazi egin behar da, ondoren zerbitzu publikoak lehenagoko kalitatera itzuli ahal izateko».
Kalera irteteko arrazoiak badaudela, ados daude sindikatu guztiak. Manifestariek ere hori adierazi zuten protesta batzuetan eta besteetan. «Martxoaren 29an egin genuen greba oso ondo atera zen, baina oraindik ez da bukatu arazoa, eta jarraitu beharrean gaude», ohartarazi zuen Marian Ansak. Esan eta esan ari da Eusko Jaurlaritza: ez da murrizketarik izango osasunean eta hezkuntzan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Langileak ez dira fio, ordea: «Ikusiko dugu. Gauza bat da gaur esaten duena eta beste bat bihar etorriko dena. Irailean murrizketak etorriko direla uste dugu. Beldurra, kezka eta ezinegona badago», nabarmendu du Ansak.
Mozketak egiten dagoeneko ari da Jaurlaritza. Hori salatu du Euskotreneko langileak: «Lantaldea ezin da handitu, soldatak izoztu egin dizkigute eta Itzarri kendu digute [pentsio funtsa]. Eta pribatizazioa ere hor dago, badaukagu arrisku hori». Bordesen hitzetan, litekeena da orain mozketa gehiago ez egitea Eusko Jaurlaritzak, «kanpainaurrean dagoelako».
Egoera dagoeneko larritzen hasita dagoela ohartarazi du Martinek, Osakidetzako beharginak: «Bezeroei kasu egiteko orduan eta arlo ekonomikoan nabaritzen dira murrizketak, baita kontratuak eta ordezkapenak egiteko garaian ere». Zabalbeitiak ilun ikusten du etorkizuna, eta luze joko duela uste du, mozketak areagotu egingo direla irizten dio eta. «Hilabete batzuk barru hasiko dira murrizketa gehiagorekin». Bitartean, gainera, itxura egiten ari da Eusko Jaurlaritza, Martinek salatu duenez: «Txarrena da esaten dutela 'ez dugu murrizketarik egingo' eta gero beste leku guztietan bezala egin egiten dituztela».
Murrizketak. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa
Nafarren protesten miraz
Murrizketen aurkako mezu bera eman badute ere, nork bere aldetik egin dute protesta: LABek eta ESK-k batetik; ELAk eta EILASek bestetik. Batasunik ezak ahuldu du eguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu