Euriteek kalte larrienak Gipuzkoan eragin badituzte ere, Arabak ez beste herrialdeek ere izan dituzte uholdeak. Besteak beste, 46 esku hartze egin dituzte Nafarroako suhiltzaileek, eta Santurtzin (Bizkaia) metro geltokia itxita egongo da ostiralera arte gutxienez. Hala ere, egoerak hobera egin du, eta normaltasuna nagusituz doa pixkanaka.
Gobela ibaiak gainezka egin zuen larunbatean Bizkaian, eta arazoak eragin zituen Santurtzin, Mungian eta Getxon. Urak bi metroko altuera hartu zuen Santurtziko metro geltokian, eta garbitzen ari dira oraindik. Iñaki Prego Bilboko metroko kontseilariak jakinarazi du geltokia gutxienez ostiralera arte egongo dela itxita eta, beraz, ordura arte herritarrek autobusez egin beharko dutela Santurtzi eta Portugalete arteko bidea. Bestalde, Galdakaon lantegi ugaritara sartu da ura, eta kalteak eragin ditu.
Nafarroan, suhiltzaileek 46 esku hartze egin zituzten uholdeen eraginez iragan asteburuan. Beran izan zuten lan gehien —hamalau esku hartze—. Horrez gain, Nafarroa eta Gipuzkoa elkartzen dituen A-15 errepidea atzo goizean jarri zuten berriz martxan, igande goizean moztu baitzuen Ertzaintzak, luizien ondorioz. Aldiz, itxita jarraitzen dute NA-1300 eta NA-4150 errepideek.
Alarma horia iparraldean
Asteburuan metro karratuko 150 milimetro ur bildu dira Ipar Euskal Herriko hainbat herritan, eta, ondorioz, arazo larriak izan dira etxe, lantegi eta azpiegituretan. Prefeturak alarma laranja iragarria zuen, baina azken orduetan alarma horira apaldu du.
Lapurdin, Angeluko etxe eta garaje anitzetan ura sartu zen, toki batzuetan metro erdiko altuerara helduz. Hazparneko Bricomarche saltegia itxi zuten larunbat arratsaldean. Uztaritzen Errobi ibaiak kezka eragin zuen, eta 4,3 metroko heinera heldu. Milafrangako bidean gainezka egin zuen, Baiona eta Donibane Garazi arteko tren zerbitzua moztuz. Arrosan (Nafarroa Beherea), altzarigintza arloko Gurea lantegian ura sartu zen, eta garbiketa lanetan aritu dira langileak.
Uholdeak. Beste herrialdeak
Nafarroa, Bizkai eta Lapurdin arazo ugari eragin ditu urak
Gobela, Baztan eta Errobi ibaietatik gertu uholdeak izan dira; Zuberoan eta Nafarroa Beherean ere, oztopoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu