Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Alderdien kanpaina

Nafarroa eta EAE batzeko aukera Konstituziotik kendu egingo duela esan du Raxoik

Barcinaren arabera, «erdi irekita dagoen atea» da laugarren xedapen iragankorra, eta kendu egin behar da

Mariano Raxoi eta Yolanda Barcina, atzo. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2011ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
UPN-PP koalizioak atzo Nafarroan egindako ekitaldi politikoan, Yolanda Barcinak erronka bota zion Mariano Raxoi presidentegaiari, eta Espainiako Konstituzioko laugarren xedapen iragankor «itxuragabea» —Nafarroak eta EAEk batzeko aukera jasotzen da bertan— kentzea exijitu zion. Barcinak iritzi dio xedapen hori «erdi irekita dagoen ate bat» dela, eta «behingoz» itxi beharra dagoela, «anormaltasun hori behin eta berriz gaitzetsi dutelako nafar gehienek hauteskundez hauteskunde». Barcinaren arabera, xedapen horrek gaur egun ez du arrazoirik: «Nafarroa ez da iragankorra, betiko da!», oihukatu zuen, txalo artean. Modu zuhurrago eta lasaiagoan erantzun zion Raxoik, eskatutakoa emanez: «[Konstituzioaren] erreforma badago, xedapena kendu egingo da», zin egin zuen.

Konstituzioaren balizko erreforma hori noiz eta nola egingo duen gehiago zehaztu gabe, Baluarteko areto nagusia bete zuten militanteentzat arratsaldeko txalo zaparradarik beroena merezi izan zuen promes horrek. Nahiz eta Raxoik krisi ekonomikoari eskaini diskurtsoaren zati nagusia, txalo horiek argi islatu zuten Nafarroako eskuinarentzat zein den gaur-gaurkoz lehentasunen artean lehentasuna: «Promes egiten dut Nafarroa nafarra eta espainiarra izaten jarraitzea defendituko dudala, eta bere foru erregimena defendituko dudala», adierazi zuen Raxoik, eta «presidente, presidente!» oihuekin erantzun zioten Baluarten bildutakoek.

Barcinaren diskurtsoak ez bezala, Raxoik hitz gutxi izan zituen euskal auziarentzat. Batetik, «beti legez», ETAren biktimen aldeko konpromisoa azaldu zuen, eta bestetik, egia, giza eskubideak eta askatasuna defendituko dituela. «Izan ere, hori guztia ez da negoziatzekoa. Norbanakoen eskubideak ez dira negoziatzen, eta horregatik ez dute preziorik». Elipsia esanguratsua izan zen: ez zuen esan zer den negoziatzekoa.

Abertzaleek bi aurpegi dituzte

Laugarren xedapen iragankorra kentzearen aldeko antzezpena izan zen atzoko ekitaldia. Batetik, Nafarroan kanpainaren bigarren astea baldintzatu nahi izan du koalizioak, eta UPNri erosoen zaion eremura eramatea eztabaida politikoa, bide batez deserosoen zaizkion beste gaiak —Nafarroako Gobernuaren goi kargudunen soldatak edo Nafarroako Kutxaren egoera— bigarren maila batean uzteko asmoz. Bestetik, etorkizunean gatazkaren oinarriei helduko dien foro politikoa osatzeko aukeraren inguruan, beldurra islatu ez ezik, hauteskundeotan posizio indartsu bat hartzeko nahia adierazi dute. Hirugarren diputatua lortu nahi dute UPNk eta PPk, kosta ahala kosta.

Horregatik, Barcinak gogor kritikatu zuen abertzaletasuna, eta «eurek beti bozkatzen dutelako», mobilizatzera deitu zuen: «Eurek beti berdina egiten dute eta muturreko planteamenduak ezkutatu egiten dituzte. Bi aurpegi dituzte: bata, muturrekoa, Batasuna, Bildu, Amaiur edo dena delakoa; bestea, jatorragoa baina anbiguoa, Geroa Bai».

«ETAren ustezko amaiera dela eta» zer egin behar den esan zuen Barcinak: «Biktimen duintasuna ez da alferrikakoa izango, txanoak kendu arte, armak erretiratu arte, euren krimenak argitu arte eta barkamena eskatu arte».

Gai ekonomikoei dagokienez, Zapateroren kudeaketa kritikatu zuen Barcinak, nahiz eta UPNk abstentzio bidez Zapateroren erreforma nagusiak ahalbidetu azken urte eta erdian. Era berean, Espainiako finantza publikoak gaizki egon arren, abiadura handiko trenaren finantzaketaa ziurtatzeko eskaera zehatza egin zion mitinean Raxoiri. Xedapenaren inguruko eskaerarekin ez bezala, Raxoik ez zion erantzun. Ez zuen promesik egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.